Nafarroako irakasleek protesta iragarri dute, eta ez dute baztertu greba egitea

Ikastetxeetan batzarrak eta elkarretaratzeak egitea erabaki dute; hurrengo astean dute beste batzar bat

Iruñea
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek neurriak iragarri dituzte Nafarroako Gobernuaren murrizketen aurka egiteko. Atzo eguerdian Gurutzeko Plaza institutuan egindako batzarrean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ordezkariak bildu ziren. Hezkuntzan ordezkariak dituzten sindikatu guztiek antolatu zuten batzarra: AFAPNA, ANPE, APS, CCOO, CSIF, ELA, EILAS, LAB eta UGTk. Prentsa ohar bateratu batean aurreratu dute zein neurri hartuko dituzten: etzi, ostiralarekin, ikastetxeen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, murrizketen aurka; datorren asteazkenean, giza kate bat eginen dute diputaziotik parlamentura. Batzar batera ere deitu dute, neurri gehiago zehazteko. Greba ez dute baztertu.

Expe Iriarte, LABeko ordezkaria, ezkor agertu da ikasturte hasierako egoerarekin: «Gaur hasiko dugu ikasturtea, eta ezin dugu normal hasi. 230 langile kanpoan gelditu dira, eta ordezkapenetan murrizketa ugari egin dituzte». Ikasturte hasieran irakasle asko faltako direla ohartarazi du Iriartek. Hori salatzeko, protestak egingo dituzte ikastetxe atarietan.

Klaustroak ere egingo dituzte eskoletan, gaurtik datorren asteazkenera arte. Bertan aurrerago egingo diren proposamenak aztertu eta horren gaineko erabakiak hartuko dituzte.

Hilaren 14an, batzarrean bilduko dira bertze behin, eta, bertan, klaustroen erabakiak jakinaraziko dituzte, baita mobilizazioen egutegia ere. Ondoren, giza katea eginen dute, diputaziotik Nafarroako Parlamentura. Iriartek azaldu duenez, eskolaz kanpoko ekintzak eta notak jartzea arriskuan egon daitezke. «Are gehiago, irailaren erdialdetik aurrera geldialdiak eta grebak egiteko aukera ez dugu baztertu». Azken horiek egitea klaustroetan erabakiko dela jakinarazi du.

Irakasleei ere egin diete eskaria, lantokian bertan egin dezaten murrizketen aurka. Adibidez, ikastetxe publiko guztiei beren zentroan egindako murrizketen bilduma egiteko eskatu diete. Horrez gain, lan burokratikoen aurrean intsumisio jarrera hartzea eta manifestazioak egitea ere bai. Murrizketek ikasleengan izanen duten eraginaz ohartarazteko, familiei dokumentu bat helarazteko eskatu diete.

Sindikatuek hezkuntzako eragile guztiekin elkartzeko eskaintzari eutsi diote, hezkuntzako eragileen iritzi guztiak entzuteko konpromisoa hartu baitute. Horregatik, ikastetxeetako zuzendariekin eta gurasoen elkarteekin ere bilerak egiten jarraituko dutela aurreratu dute.

Bertzalde, irakasleen ordezkapenak betetzeko aldaketak egin dituztela salatu dute hezkuntzako eragileek. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek aditzera eman zienez, ordezkapenak lanera joan gabe 15 egun pasa ondoren eginen dira, ez lehenago. Ondorioz, kurtso hasieran irakasle ugari faltako direla abisatu dute.

Iriartek Hezkuntza Departamentuaren jarrera kritikatu du: «Aspaldidanik bazekien ordezkapenak betetzeko kontratuak egin beharko zituela, baina ez ditu egin». Horregatik, ikasturtea lanpostu zerrenda guztiak bete gabe hasiko dutela ohartarazi du. Sindikatuen arabera, Nafarroako Gobernuak hilaren 16tik aurrera eginen ditu ordezkapenak Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan —gaur hasiko dituzte eskolak—; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta batxilergoan, berriz, hilaren 26tik aurrera betetzen hasiko dira —ostiralean hasiko dituzte eskolak—. Neurri honekin hezkuntza sistemaren kalitatea jaitsiko dela abisatu dute.

Gobernuaren erantzuna

Nafarroako Gobernuak, ohar baten bidez, gezurtatu egin du ordezkapenak berandu egiten ari direla. Jakinarazi duenez, maisu-maistrak lanpostuetara normal ari dira sartzen. «Gobernua ordezkapenak egoki egiten ari da, sindikatuekin aurretik egindako akordioen arabera».

Murrizketek zipriztindutako ikasturte hasiera izaten ari da Nafarroan. Jasotako erantzunarekin baikor azaldu dira sindikatuak. Parte hartze nabaria eta jendearen ekarpenak ugari izan direla nabarmendu dute. Haien arabera, irakasleak prest daude kalitatearen alde ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.