«Ezin dugu gehiago!». Nafarroako sare publikoko irakasleen aldarriak ozen aditu dira gaur Iruñeko eta beste zenbait herritako kaleetan. Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta, greba egin dute herrialdeko ikastetxe publikoetan, eta protestak egin dituzte Iruñean, Tuteran, Altsasun, Elizondon, Lizarran eta Tafallan. Sindikatuen arabera, lanuztera deituta zeuden irakasleen %60k bat egin dute grebarekin. «Ikastetxe batzuetan, %70eko erantzuna izan du deialdiak, eta beste batzuetan, lanuztea erabatekoa izan da, %100ekoa. Greba egiteko tradizio txikiagoa duten ikastetxeetan, berriz, irakasleen %30-35 inguru batu dira», azaldu du ELAko Uxue Itoizek, greba antolatu duten sindikatu guztien izenean. LAB sindikatuak ere antzeko datuak eman ditu: «Greba egin ahal zutenen bi herenek greba egin dute», idatzi dute sare sozialetan.
Hezkuntza Departamentuak, berriz, askoz zenbaketa apalagoa egin du, eta ohar bidez esan du lanuzteak %26,5eko oihartzuna izan duela. Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarriak zituen ikastetxe publikoetan: irakasleen herenek lanera joan behar izan dute Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan; Bigarren Hezkuntzan, berriz, irakasleen laurdenak izan dira.
Parte hartzearen datuak gorabehera, goizeko protestak oso jendetsuak izan dira Iruñean: goizean goizetik, ikastetxeen ingurumarietan elkartu dira langileak, eta 10:00etan lau zutabe osatu dituzte, Txantreatik, Arrotxapetik, Barañaindik eta Mendillorritik Hezkuntza Departamentuaren egoitzaraino joateko. Han, Carlos Gimeno kontseilariari eskatu diote «baliabide gehiago» jar ditzala «hezkuntza publikoa zaintzeko».
Ehunka lagun bildu dira departamentuaren aurrean egin duten elkarretaratzean. Pankarta ugari ikus zitezkeen, bakoitza bere lelo eta aldarrikapenekin, eta denen aurrean, sindikatu guztiek adostutako mezua: Orain irakasleak. Gure txanda da. Ezin kabituta zebilen jendea, eta antolatzaileek manifestariei eskatu diete inguruko belardietara zabaltzeko, San Domingo kalean pilatzen ari zen jendetzari lekua egiteko. Han, sindikatu guztien izenean hitz egin dute ELAko Uxue Itoizek eta CCOOko Unai Alabak. Balorazio «ezin positiboagoa» egin dute, jendetza batu baita protestetara.
«Ikasleak aniztasunean artatu nahi ditugu, klaseak prestatu, familiei arreta eskaini... baina Hezkuntza Departamentuak inposatzen digun lan gainkargak eragotzi egiten du gure lana ondo egitea»
UXUE ITOIZELA sindikatuko kidea
Alabak gogorarazi du bi ikasturte igaro direla hezkuntzaren alorreko sindikatuek «premiazko eskariak» mahai gainean jarri zituztenetik, eta ordutik Hezkuntza Departamentuak eginiko urratsak «oso eskasak» izan direla. Zehazki, lau eskaera zehatz egin dizkiote gobernuari: ratioak jaistea, lan gainkarga arintzea, kontratuak egonkortzea eta irakasleen erosahalmena berreskuratzea. Sindikatuek behin baino gehiagotan helarazi diote eskaeren zerrenda hori Hezkuntza Departamentuari, baina arduradun politikoek «borondaterik ez» dutela esan dute Itoizek eta Alabak: «Joan den ikasturtean, bilera ugari egin genituen Hezkuntza Departamentuarekin, eta lortu genuen gauza bakarra izan zen 38 irakasle kontratatzea Nafarroa osoan. Ez zaigu nahikoa iruditzen».
Uste dute, gainera, irakasleen lan baldintzak hobetzeak ekarriko duela hezkuntza publikoaren kalitatean eragitea: «Gure ikasleak aniztasunean artatu nahi ditugu, klaseak prestatu, material berritzaile eta motibatzaileak asmatu, aplikazio digital didaktikoak erabili, familiei arreta eman... baina Hezkuntza Departamentuak inposatzen digun lan gainkarga etengabeak eragotzi egiten du gure lana ondo egitea». Hezkuntza publikoak «bermatzailea» izan behar duela adierazi dute ordezkari sindikalek, «behar bezala erantzun behar die ikasle guztien benetako beharrei, eta, horretarako, funtsezkoa da lan baldintza duinak izatea».
Kritika horien harira, Gimeno kontseilariak argudiatu izan du irakasleen eskaerek «alimaleko gastua» eraginen luketela, eta, besteak beste, ratioen jaitsiera lineal batek 131 milioi euroren gastua eraginen lukeela Nafarroako aurrekontuetan. Sindikatuek uste dute aurrekontuetan lehentasuna eman behar zaiola hezkuntza publikoari, eta «baliabide gehiago» eman ditzala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. «Zain segitzen dugu, gure hezkuntza publikoa zaintzeko baliabide gehiago noiz jarriko, eta pazientzia amaitu zaigu. Ez dugu etsiko, 10.000 irakasle baino gehiago ordezkatzen dituzten erakunde sindikalen eta parlamentuko talde politikoen eskaerei erantzun arte».
«Hezkuntza sistema egonkortu dugu 2018ko itunari esker: egonkortze maila %46,7koa da, eta behin-behinekotasuna, lehen baino askoz apalagoa»
CARLOS GIMENOHezkuntza kontseilaria
Gimeno: «Hezkuntza sistema egonkortu dugu»
Irakasleek agertutako ikuspegitik erabat aldendutako diskurtso baikorra egin du Carlos Gimeno kontseilariak. Nafarroako Parlamentuan egin ditu adierazpenak, EH Bilduko legebiltzarkide Eneka Maizen galderei erantzunez. Zehazki, Hezkuntza kontseilariak adierazi du herrialdeko hezkuntza sistema «egonkorra» dela, 2018. urtean sinatutako itunari esker. Gimenoren irudiko, itun hori sinatu zenetik, irakasleen lan baldintzek hobera egin dute, eta behin-behinekotasuna murriztu da.
Adierazi du, besteak beste, lan deialdi publikoak egiteko irizpideak «zorrotzago» aplikatzen direla gaur egun, ratioak murriztu dituztela haur hezkuntzan, eta irakasleen egonkortasuna hobetu dutela: «Egonkortze maila %46,7koa da, eta horrek esan nahi du behin-behinekotasuna askoz apalagoa dela», azaldu du. Grebaren erantzunari buruz, kontseilariak esan du «espero zen baino apalagoa» izan dela.
Manifestazio jendetsua
Protestek segida izan dute arratsaldean, eta zientoka pertsona irten dira 18:00etan Iruñeko Gurutze plazatik, txilibitu, aldarri eta musika artean. San Frantzisko plazan amaitu dute ibilaldia; sindikatuek historikotzat jo dute greba: «Zorionak guztioi; hau ez da hemen bukatzen, bihar ere lanean jarraituko dugu». Halaber, greba egin ohi ez duen jendea ere mobilizatu dela azpimarratu dute, eta Hezkuntza Departamentuak grebaren arrakastaren inguruan atera dituen datuak «benetakoak ez direla» salatu. «Gizarteak entzun gaitu; Gimeno jaunak, Txibite andereak eta Nafarroako Gobernuak badute zer hausnartu». Ratioak Jaitsi 0-18 taldeko gurasoek ere hitza hartu zuten, eta seme-alabak hezten dituzten langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekotzat jo: «Administrazio publikoa gazteen hezkuntza eskubideak urratzen ari da». Bestalde, Txibiteren gobernua negoziatzen ari den aurrekontuek hezkuntza publiko duin bat bermatu dezatela eskatu dute.