Jose Javier Esparza (UPN).
«Barkosek EH Bilduri eman dio kontrola»
«Uxue Barkos izanen da lehendakari ofiziala, eta Adolfo Araiz, berriz, ezkutukoa. Helburu komuna dute: Euskal Herri gehiago eta Nafarroa gutxiago nahi dute. Argi izan behar dugu Barkosek EH Bilduri eman diola Nafarroaren kontrola. Larriena da EH Bildu gobernuan izanen dela, eta, gainera, agintzen. Araiz ez da kontseilari izanen, baina estrategikoak diren bi departamentutako buruak erabaki ditu. Gobernuan izanen dira ETAren hilketak gaitzetsi ez dituztenak; biktimei barkamenik eskatu ez dietenak. Barkosek lehendakaria izan nahi du, eta zilegi da hori, baina prezio bat izanen du horrek».
«UPNk lan ona egin du. Aurkeztu duten akordioa, berriz, orokortasunez beteta dago; aurrerabidea bazter utzi nahi du».
Maria Txibite (PSN).
«Denen onerako, prest gaude akordioak lortzeko»
«Herritarrek aldaketa nahi dutela argi dago, eta Nafarroako Parlamentuaren osaketak horixe islatzen du. Argi dago gobernu aldaketa nahi duela gizarteak, baina hau al da jendeak nahi duen gobernua? Nolabaiteko garraztasuna sentiarazten digu hainbaten mendeku jarrerak. Hobetzeko egin behar dugu lan, baina historia demokratikoa gutxietsi gabe».
«Borondatea ez da nahikoa. Behar da proiektu serio bat eta behar da aurrekontu bat. Akordioak asmo on anitz jasotzen ditu, baina diru sailik ez. Barkosek argi izan behar du herritarren %70ek ez dutela abertzaletasunarekin bat egiten. Euskararen alde gara, baina ez inposizioaren bidez. Denen onerako, prest gaude akordioak lortzeko; baina oposizio zorrotza eginen dugu».
Ana Beltran (PPN).
«Euskara inposatu nahi dute arlo guztietan»
«Nafarren gehiengoak ez du nahi abertzaleen eta ezker muturrekoen gobernu bat. Gobernu horren lana zainduko dugu, Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoko bertze probintzia bilaka ez dadin. Euskara inposatu egin nahi dute arlo guztietan. Euskal eskola laikoaren alde egin nahi dute, gurasoen eredua aukeratzeko eskubidea errespetatu gabe. Hizkuntza gutxitu baten ezagutzari eman nahi diote lehentasuna. Huts nabarmena litzateke ingelesez ikasteko programa bertan behera uztea».
«Biktima dira ETAren terrorismoak eragindakoak. Biktima guztiak ez dira berdinak. Ez dugu babestuko jarrera sektario eta totalitarioak dituzten gutxiengoei lehentasuna emanen dien gobernu bat».
Nafarroako inbestidura saioa. Taldeak. OPOSIZIOKO HIRU INDARRAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu