Nafarroako ikastetxeetan izango diren murrizketak salatuko dituzte Iruñean

Murrizketen kontra otsailean eginiko protesta. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako ikastetxe publikoetarako Hezkuntza Sailak iragarritako murrizketen harira, mobilizatzera deitu dute hainbat eragile eta sindikatuk gaurko. Izan ere, litekeena da Nafarroako Gobernuak erreforma onartzea eta 200 irakasle gutxiagorekin aritzea hurrengo ikasturtean. Hori dela eta, kontzentrazioa egingo dute 12:00etan, Hezkuntza publikoan murrizketarik ez! lelopean, Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean. Besteak beste, Afapna, APS, ANPE, LAB, ELA, CCOO, CSI-F, EILAS eta UGT sindikatuek deitu dute mobilizatzera. Eragile guztiek salatu dute PSNren erantzun falta.

Nafarroako institutuetatik autobusak antolatu dituztela-eta, jendetsua izatea espero dute sindikatuek gaurko kontzentrazioa. «Jendea haserre dago; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe, protesta gisa, ikasturte amaierako kalifikazioak ez sinatzea pentsatzen ari dira». Institutuetako Zuzendarien Elkarteak ez du baztertu bileren emaitzaren arabera planto egitea edo dimisioak eskatzea.

Bestalde, Herrikoa Nafarroako gurasoen elkarteen federazioak murrizketa bertan behera uzteko eskatu dio Yolanda Barcina presidenteari: «Gure seme-alaben heziketarekin ez da jolasten. Onartu nahi dituzten neurriak hezkuntza publikoaren kalitatearen eta irakasleen kontra doaz, ez da murriztuko eskola porrota».

Bilduk, berriz, ezinbestekotzat jo du Nafarroako Gobernuak hezkuntza publikoaren aldeko apustu irmoa egitea. Hezkuntza ongizatearen oinarria dela iritzita, murrizketak salatu eta saihesteko lan egingo duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.