Nafarroako ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituzte goizeko eskolen ondoren

Egoera epidemiologikoaren joeragatik eta txertaketagatik erabaki dute ordutegia aldatzea, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez. Ikastetxeek derrigorrez eskaini beharko dituzte eskolaz kanpoko jarduerak, baina familiek aukeratuko dute parte hartu ala ez.

Ikasle batzuk Burlatako Askatauna ikastetxean, aurreko ikasturte hasieran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 6a
13:48
Entzun

Ordutegia izan da Nafarroako ikasturte berrirako neurrien artean zalantza gehien eragin dituena. Azkenean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok gaur argitu du zein ordutegi izango duten Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan: ordutegi jarraitua izango dute, baina ikastetxeek astean lau egunetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituzte eskolen ondoren. Jarduera horien hainbat xehetasun ere eman ditu Gimenok: irakasleek emango dituzte; 90 minutu iraungo dute —45 minutuko bi saio—; gehienez 17:00etan amaituko dituzte; eta, eskolek derrigorrez eskaini beharko badituzte ere, familiek aukeratuko dute parte hartuko duten ala ez.

Maiatzean aurkeztu zuten 2021-2022ko ikasturteko protokoloa Nafarroan. Bertan jaso zutenez, eskolak goizez soilik emango zituzten ikasturte hasieran, nahiz eta aukera zabaldu zuten urrian edo Gabonen ostean ordutegia aldatzeko. Azkenean, hala egingo dute: urriaren 4tik aurrera, goizeko saioen ostean eskolaz kanpoko jarduerak izango dituzte aukeran Nafarroako ikasleek.

Erabaki «zuhurra» da, Gimenoren irudiko. Nabarmendu duenez, «osasun agintarien» baimenarekin erabaki dute eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzea, eta esan du erabaki hori hartzeko «gakoak» egoera epidemiologikoa eta txertaketa izan direla.

Jangeletan, segurtasun neurri berak

Eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzearen ondorioz, Gimenok uste du jangela zerbitzua ikasle gehiagok erabiliko dutela. Gogorarazi du 2020-2021eko ikasturteko neurriak mantenduko dituztela, eta leku falta dagoenean aukera egongo dela ohiko jangela ez ezik beste espazio batzuk edo ikasgelak ere erabiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.