Nafarroako ikasle berrien erdiek baino gehiagok ez dute kontakturik izanen euskararekin

Nafarroako Gobernuak 4.586 eskaera jaso ditu 2025-2026ko ikasturteko aurrematrikula epean. Ikasleen %29,9k D eredua aukeratu dute, eta %17,2k, A eredua.

Irakasleak eskola umeen aurrean, Zigako eskolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irakasleak eskola umeen aurrean, Zigako eskolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko martxoaren 26a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sabaia apurtu ezinik. Euskarari tokia eginda irakasten duten hezkuntza ereduak ez aurrera ez atzera daude oraindik Nafarroan: matrikula berrien erdira iristeko zorian beti, baina marka hori gainditu gabe. Halaxe gertatu da 2025-2026ko ikasturteko aurrematrikulazioan ere. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eman ditu aurtengo kanpainako datuak, eta, horien arabera, erdara hutsezko G ereduan izena eman dute ikasle berrien %52,8k. Hortaz, 3 urteko haurren erdiek baino gehiagok ez dute inongo kontakturik izanen euskararekin.

Guztira, 3 urteko 4.586 haur sartuko dira datorren ikasturtean Nafarroako Haur Hezkuntzako zikloko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan, iaz baino 469 gutxiago. Horietatik, 2.422k eginen dituzte ikasketak gaztelaniazko G ereduan. Euskarazko D eredua, berriz, ikasleen herenaren langan kateatuta dago aspalditik: 1.369 eskaera jaso ditu aurten, matrikula berrien %29,9. Iaz baino apur bat apalagoa da datua, matrikulen %30,7 izan baitziren D eredukoak orduan.

A ereduak, euskara ikasgai gisa duenak, behera egin du. Aurten, 791 familiak aukeratu dute eredu hori: eskaera guztien %17,2k —iaz baino puntu bat gutxiago—.

Euskarazko eta gaztelaniazko ikasgaiak uztartzen dituen B ereduak, azkenik, zazpi eskaera jaso ditu soilik. Horrek esan nahi du, euskarazko edukiak dituzten eredu guztiak batuta, Nafarroako 3 urteko haurren %47,8k bakarrik izanen dutela kontaktua euskararekin. Iruñerrian, egoera ez da oso bestelakoa: 3 urteko ikasleen %30ek ikasiko dute euskarazko murgiltze ereduan datorren ikasturtetik aurrera.

Sare publikoan, hamarretik sei

Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, bestalde, hamar familiatik seik eskola publikoa aukeratu dute 2025-2026ko ikasturterako. Aurrez izena emateko aldia amaituta, ikastetxe publikoek 2.766 eskaera jaso dituzte 3 urteko ikasleen artean, hau da, matrikula guztien %60,3. Itunpeko ikastetxeek, berriz, 1.820 eskaera jaso dituzte, eskaeren %39,7. Ehuneko horiek aurreko ikasturtekoen oso antzekoak direla nabarmendu du departamentuak.

Egoera kontrakoa da hiriburuan: Iruñeko datuei soilik erreparatuta, familia gehiagok aukeratzen dituzte itunpeko ikastetxeak. Iruñerrian, ikastetxe publikoek 1.248 eskaera jaso dituzte, guztien %46,5 (iaz %47 izan ziren); itunpeko hezkuntza sareak, berriz, 143 eskaera jaso ditu, guztien %53,5.

2 urteko gelak

Aurten, polemika piztu dute Hezkuntza Departamentuak zenbait ikastetxe publikotan zabaldutako 2 urteko haurrentzako ikasgelek. Iaz, Hezkuntza Departamentuak hiru ikastetxetan ezarri zituen: Iruñeko Iturrama eta Doña Mayor eskoletan, eta Arroizko La Balsa ikastetxean. Heldu den ikasturterako, baina, eredu hori beste bi zentrotara hedatu nahi dute: Barañaingo Alaitz eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxe publikoetara, hain zuzen. Biak ala biak D ereduko ikastetxeak dira. Hezkuntza Departamentuak nabarmendu du, eskaintza berri horri esker, 78 ikaspostu gehiago eskainiko dituela, eta horrek «eskaintza pedagogikoa» handituko duela, «ikastetxeetan beste espazio fisiko bat txertatuz, bertan matrikulatutako 2 urteko haurren jarduerak garatzeko».

Burlatako Hilarion Eslava ikastetxe publikoa, berriz, 0-12 ereduko zentro bihurtuko da irailetik aurrera; hau da, Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo eta etapa guztiak bilduko dituzte ikastetxe berean, 0 urtetik 12 urteraino. Horiek horrela, 0-3 ziklorako beste hiru unitate zabalduko dituzte ikastetxe horretan, 36 plaza gehiago eskaintzeko.

Bi proiektu horiek, 2 urteko ikasgelek eta 0-12 ereduak, eztabaida bizia piztu dute azken asteetan: Burlatako hezkuntza komunitateak manifestazioa egin zuen martxoaren 18an, Hilarion Eslava ikastetxean ezarri nahi duten proiektuaren aurka, eta NIZE Nafarroako D ereduko Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea ere kexu azaldu da: elkarteko ordezkariek agerraldia egin zuten Nafarroako Parlamentuan, eta adierazi zuten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek ez dutela baliabide nahikorik eta ez daudela behar bezala prestatuta 2 urteko haurrak hartzeko.

0-3 zikloko matrikulazioa

Hezkuntza komunitateak behin baino gehiagotan esan du 0-3 urteko zikloak zentro eta baliabide propioak behar dituela eta, hain zuzen, atzo hasi zen ziklo horretan izena emateko epea. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 700 eskaera baino gehiago erregistratu dituzte aurreinskripzioen lehen egunean. Lehen aldiz, eskaerak aurkezteko prozedura zentralizatua dago Nafarroa osoan, gobernuak eta toki entitateek sinatutako hitzarmen bati esker. Aplikazio bat garatu dute horretarako, eta bateratu egin dute haur hezkuntzako lehen zikloko plaza publikoen eskaintza osoa. Apirilaren 4an bukatuko da haur eskoletan aurrematrikula egiteko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.