Nafarroako hogei eskualdetik gora batu dira Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako egin duen deialdira

«Nafarroako zubiak euskararen alde hartzeko» deia egin du mugimenduak, eta herri gehiago gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera.

Sorionekuak mugimenduko kideak, gaur goizean Iruñean egin duten agerraldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Sorionekuak mugimenduko kideak, gaur goizean Iruñean egin duten agerraldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko apirilaren 11
14:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsailean aurkeztu zuen Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako antolatu duen ekitaldia, eta gaur egitarau osoa aurkeztu dute, Iruñean egindako agerraldi batean. Euskara etorkizunerako zubi dela irudikatu nahi dute, eta zubiak igaroko dituzte Nafarroako eskualde eta herri anitzetan. Zubien deiari emandako erantzuna ez da makala izan: «Iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera» Nafarroa osoko zubirik esanguratsuenetan ekitaldiak antolatuta daudela iragarri dute, eta deia egin dute herri gehiagok parte hartu dezaten. Hogei eskualdetik gora batu dira ja deialdira.

Hauek dira deialdira batutako eremu batzuk: Aranguren, Baztan, Lesaka, Doneztebe, Leitza, Lekunberri, Ultzama, Jauntsarats, Sakana, Ekialdea, Zubiri, Aribe, Erro, Zangoza, Tafalla, Larraga, Lizarra, Gares, Lodosa, Mendabia eta Tutera.

Goizean eginen dituzte zubien ekitaldiak, eta arratsaldean herri mobilizazioa antolatu dute. Ireki ateak euskarari lelopean, 17:00etan abiatuko da Kosterapea parketik, Arrotxapeatik (Iruñea). Bertan, Porrotx pailazoak ongietorria emanen die han bildutakoei. Zubiak bezala, hiriburuko aterik handiena zeharkatuko dutela jakinarazi dute: «Ate horri Portal berria esaten diote. Iruñeak historikoki izan dituen zazpi ateetako bat da, gaur egun horietatik handiena», azaldu du Ibai Sueskunek, Sorionekuak mugimenduko kideak. Mobilizazioa Takonera parkean amaituko da.

Manifestazioa amaitutakoan, 18:15ean, hainbat jarduera izanen dira Takonera parkean. Ene Kantak-ek haurrentzako ikuskizuna egingo du, eta puzgarriak eta bestelakoak egonen dira.

Euskarari ateak irekitzeko

Sorionekuak mugimenduak zubiak sinbolo bihurtu nahi ditu, haien ustean elkarren arteko topaguneak ezinbestekoak direlako. Ateak ireki nahi dituzte elkar ulertzeko, eskubideen alde egiteko eta aurrerapausoak emateko: «Gure hizkuntzari ateak ireki nahi dizkiogu, euskara nafar guztiona delako. Ateak ireki nahi dizkiogu gure hizkuntzari, baita herritar guztien eskubideei ere», aldarrikatu du Sueskunek.

2023an sortu zen mugimendua, eta geroztik askotariko ekinaldiak egin dituzte euskarari bultzada emateko. Urte bereko ekainean festa jendetsu bat egin zuten Iruñean Euskara, nafar guztiona lelopean. Horixe aldarrikatzen zuten orduan, eta horixe bera aldarrikatzen segitzen dute: «Euskara Nafarroakoa da, eta Nafarroakoa bada, nafar guztiona da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.