Nafarroako hezkuntzako sindikatuek mobilizazioei eutsiko diete negoziazioetan aurrera egiten ez bada

Hilaren 11n egingo dute bilera Hezkuntza Departamentuarekin. Pozik daude urriaren 29ko greban irakasleek emandako erantzunarekin.

Urriaren 29ko grebako mobilizazioa, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Urriaren 29ko grebako mobilizazioa, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 5a
12:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk urriaren 29an sinatu zuten 2025eko aurrekontuei buruzko akordioa. Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek greba egin zuten egun berean. Grebara deitu zuten sindikatuek —LAB, Steilas, ELA, CCOO, UGT, ANPE eta Afapna— azaldu dute aurrekontuen akordioak ez duela jasotzen «irakaskuntza sektorearen eskaerei erantzuten dien diru-sail proposamenik».

Sindikatuek Nafarroako Gobernuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest jarraitzen dute, «irakasleen arazoak konpontzeko». Azaroaren 11n negoziazio mahai sektorialera deitu dituzte. Sindikatuek egun hori baino lehen biltzeko eskatu dute. Haien esanetan, bilerako gai zerrenda aldatzea lortu dute: gobernuak erantzun bat eman beharko dio sindikatuek aurkeztutako azken proposamenari, eta Hezkuntza Departamentuak proposamen edo neurrien aurkezpen zehatza egiteko konpromisoa hartu du. «Hasieran», sindikatuen arabera, «deialdia proposamen horiek aztertzeko eta baloratzeko baino ez zen».

Hori bai, negoziazioetan aurrerapausorik ez badago mobilizazio gehiago egingo dituztela jakinarazi dute, eta mezua ere bidali diote gobernuari: «Oraindik garaiz dira aurrekontuetan diru sailak jasotzeko, irakasleen eskaerei erantzuteko eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko».

Hezkuntza publikoan greba egin zuten urriaren 29an. Sindikatuak pozik daude irakasleen erantzunarekin eta aldarrikapenek jasotako babesarekin: «Irakasleen haserrea mobilizazioetan izandako parte hartzearen hazkunde nabarmenean islatu da. Hezkuntza maila guztietako milaka irakaslek egin zuten bat grebarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.