Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren «jarrera itxia» salatu dute sindikatuek

Haien ustez, atzoko mahai sektorialean agerian geratu zen sailaren «borondate falta». ELAk, LABek, CCOOk eta Steilasek eutsi egin diote urtarrilaren 30erako greba deialdiari.

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 22a
12:15
Entzun

Nafarroako hezkuntza arloko mahai sektorialaren bilera izan zen atzo, eta urtarrilaren 30erako grebara deitu zuten sindikatuek —ELAk, LABek, CCOOk eta Steilasek— ez zuten «aurrerapausorik» ikusi Hezkuntza Departamentuaren jarreran. Aitzitik, «negoziaziorako borondate falta betikotzen» ari dela deritzote, eta, horregatik, greba deialdia berrestea erabaki dute.

Iruñean egindako agerraldi batean, grebara deitu duten sindikatuek argi utzi nahi izan dute haien aldarrikapenek «irakasleen lan baldintzak eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzea» dutela xede, eta horrelako neurriak hartzea «erraza» litzateke, horretarako borondaterik egonez gero. Horregatik, mesfidantzaz ikusten dute Hezkuntza Departamentuak «hezkuntza itun berri bat» landu eta sinatzeko egindako proposamena, iruditzen baitzaie «arreta desbideratzeko tresna» baino ez dela.

Departamentuaren proposamena da ituna apirilaren 14rako sinatzea, eta sindikatuek planteatzen dituzten aldarrikapenak itun horren negoziazioaren ingurumarian aztertzea. «Departamentuaren irudia garbitzeko tresna kosmetiko» irizten diote ELAk, LABek, CCOOk eta Steilasek proposamen horri: «Hezkuntza itun bat sinatzeak bestelako hausnarketa bat eskatzen du, eta ezin da inolaz ere bi hilabetean lortu», azaldu dute.

«Sindikatuok beti izan gara hitz egiteko prest, baina ez dugu inolako xantaiarik onartuko prozeduretan eta edukietan», ohartarazi dute. Gainera, gogorarazi dute azaroan Hezkuntza Departamentuak akordioa sinatu zuela Afapna, ANPE eta UGT sindikatuekin, bi greba deialdiren ostean; Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak behin baino gehiagotan esan du akordio hori «itxita» dagoela eta ez duela ikusten horretan aldaketak sartzeko aukerarik. «Hortaz, zertarako eseri, hobekuntza gehiagorik ekarriko ez duen itun bat sinatzeko?», galdetu dute gainerako sindikatuek.

Greba batzordea

ELAk, LABek, CCOOk eta Steilasek uste dute Hezkuntza Departamentuak greba batzordea eratu beharko lukeela, eta sindikatuak batzorde horretara deitu, haien aldarrikapenak aztertu eta negoziatzeko. Oraingoz, departamentuak muzin egin dio eskaera horri, eta Gimenok esan du 1990eko hamarkadatik ez dela greba batzorderik eratu. Sindikatuek gezurtatu egin dute hori: «2023ko martxoaren 17an batzordean eserita egon ginen, apirilaren 3ko grebaren atarian, Gimeno jada kontseilaria zelarik».

Sindikatuek uste dute Gimenoren adierazpenak kontseilariaren «memoria urriaren ondorio» izan daitezkeela, «edo, agian, sindikatuekin negoziatzeari ematen dion garrantzi eskasaren adierazle, ez baitzen bilera hartan egon, atzoko mahai sektorialean egon ez zen bezalaxe».

Gauzak horrela, greba deialdiari eustea erabaki dute sindikatuek: «Mobilizazioa ezinbestekoa da, eta hezkuntza publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, edozein estrategia mediatiko eta trikimailuren gainetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.