Nafarroako hezkuntza arloko 30 bat langilek eserialdi bat egin dute gaur arratsaldean Hezkuntza Departamentuaren egoitzan, Iruñean. 14:30erako minutu gutxiren faltan sartu dira egoitzara —ordu horretan ixten dute departamentua—, eta hezkuntza publikoaren aldeko afixak erakutsi dituzte. «Kalitatezko hezkuntza borrokatu», «ikastetxeetan antola gaitezen» eta «hezkuntzako langileak borrokan» oihukatu dute, besteak beste.
Irakaskuntza Borrokan izena eman diote taldeari eta bozeramaileetako batek azaldu duenez, ez dira «deus eskatzera» sartu, «kalitatezko hezkuntza antolatzeko deia egitera» baizik. Gogorarazi dutenez, kurtso honetan bi greba egun eginak dituzte, beste batera deitua dute, eta ez da «deus» mugitzen: «Gure beharrak betikoak dira. Behar bereziak artatzeko profesionalik ez dugu, edo ez behar bertze». Baliabide eta denbora faltaz kexatu dira, eta familiak, ikasleak eta langileak deitu dituzte «kalitatezko hezkuntza publiko on baten alde» antolatzera. Hain justu, Kalitatezko hezkuntzaren alde leloa zeukaten orri batzuk eskuan zituztela egin dute eserialdia.
Protestara sartutakoak ordu laurden pasa egon dira bertan, eta euren kasa atera dira eraikinetik. Kanpoan, ordea, tirabirak izan dira: eserialdia amaituta eta irakasleak nor bere aldetik alde egiten ari ziren unean, Foruzaingoaren bi furgoneta bertaratu dira. Dozena erdi foruzain jaitsi dira, istiluen aurkako kasko eta materialarekin, eta han zeudenak identifikatu nahi izan dituzte, era zakar eta oldarkorrean. Protestarietako batek uko egin dio identifikatzeari eta bortxaz atxiki dute. Gainerako irakasleek kargu hartu diete poliziei, eta esan diete neurriz kanpoko indarra erabiltzen ari zirela, inongo beharrik gabe. «Kalean gaude, ez gara ezer egiten ari!», esan du han zirenetako batek, baina bultzaka behartu dute atzera egitera. Beste irakasle batzuk eta kazetari bat ere identifikatu dituzte, baina ez dute inor atxilotu.