Nafarroako eskola publikoko irakasleek eskari asko dituzte, eta horiek ozentze aldera, mobilizazioz betetako ikasturte hasiera izan dute: bi greba egin dituzte dagoeneko. LAB, Steilas, ELA, CCOO, UGT, ANPE eta Afapna sindikatuek deituta, irailaren 26an egin zuten lehena, eta urriaren 29an bigarrena. Oihartzun handia izan dute biek, eta manifestazio aski jendetsuak egin dira. Gaur, langileen eskariak aintzat hartu dituela argudiatuta, Hezkuntza Departamentuak proposamen bat egin die langileen ordezkariei; Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren arabera, eskaintza «anbiziotsua» da, «positiboa», eta neurriak ditu bai ikasle ratioa apaltzeko, eta baita irakasleen egonkortasuna areagotzeko ere.
Kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuak ez duela finantza gaitasunik egin duen baino eskaintza hobea ziurtatzeko, eta hartan jada jasota daudela hainbat konpromiso. Adierazi du gobernuak asmoa duela irakasleen erosahalmena handitzeko Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean, eta, heldu den ikasturtera begira, hauek agindu dituela: maila guztietan ikasle gutxiago egotea ikasgela bakoitzean, derrigorrezko eskola orduen murrizketa bideratzea, irakasleen jarduna indartzeko neurriak hartzea, langileen egonkortasuna hobetzeko jardunbideak zehaztea eta lan burokratikoa arintzeko lan ildoak ezartzea.
Gimenoren arabera, ratioei dagokienez, proposatu dute orain arte Haur Hezkuntzarako egindako eskaintza Lehen Hezkuntzara ere zabaltzea, eta neurriak ezartzea aparteko premiak dituzten ikastetxeetan ratioak oraindik ere apalagoak izateko. Adierazi duenez, proposatu dute bideak irekitzea DBHn ere ratioak apaltzeko.
Gimenok sektoreko mahaian egin die eskaintza sindikatuei. ELA sindikatuak, berriz, esan du gobernuaren proposamena ez zaiola nahikoa iruditzen. Negoziazio «faltsu batean» aritzea egotzi dio kontseilariari, eta esan du gaur hizpidera ekarritakoa «lotsagarria» dela. «Proposamen seriorik gabe etorri da gaur berriro mahaira», deitoratu du. Ratioen apaltzea, esaterako, soilik Haur Hezkuntzara eta Lehen Hezkuntzara mugatu nahi izatea leporatu dio. «Erosahalmena berreskuratze aldera ere, ez du proposamenik egin», salatu du. ELAk esan du mobilizatzen jarraitu behar dela.