Nafarroako herritarren %63 euskara sustatzearen alde daude, ikerketa baten arabera

Eusko Ikaskuntzak argitaratu du txostena, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Xabier Erize soziolinguista eta Carlos Vilches soziologoa izan dira proiektuaren zuzendari zientifikoak.

Ezker-eskuin, Euskarabideko zuzendari Jabi Arakama, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo, Xabier Erize soziolinguista, Carlos Vilches soziologoa eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Ezker-eskuin, Euskarabideko zuzendari Jabi Arakama, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo, Xabier Erize soziolinguista, Carlos Vilches soziologoa eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko apirilaren 1a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan esan izan denaren kontrara, euskarak «onespen sozial» handia du Nafarroan. Orain, ikerketa zientifiko batek zurian beltz jarri du onespen hori, ondorioztatu baitu Nafarroako herritar gehienak (%63) euskara sustatzearen «alde» edo «oso alde» daudela. Ez da nolanahiko datua: orain arte, euskararen inguruko jarrerak aztertu dituzten ikerketek askoz emaitza apalagoak eman izan dituzte herrialdean. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoan, kasurako, euskara sustatzearen alde azaldu ziren Nafarroako parte hartzaileen herenak, eta horiek baino gehiago ziren kontra zeudenak: %37. 1991ko inkestan, are ilunagoa zen panorama: euskararen alde zeuden hamarretik bi (%21); eta kontra, berriz, erdiak baino gehiago (%52). Jauzia agerikoa da.

Eusko Ikaskuntzak garatu du ikerlana, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuarekin duen lankidetza hitzarmenaren barruan, eta gaur aurkeztu dute, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Han izan dira Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza; Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo; Euskarabideko zuzendari Jabi Arakama; eta ikerketaren bi zuzendari zientifikoak: Carlos Vilches soziologoa eta Xabier Erize soziolinguista.

Urkizak hasi du saioa, eta ikerketa taldea zoriondu du, «Nafarroan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko dauden jarrerak ezagutarazteagatik eta etorkizunera begira egin daitekeen bidearen norantza argitzeagatik». Txostenaren beraren balioa ere azpimarratu du Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, «agerian uzten baitu hizkuntza bat, ezein hizkuntza, ez dela gizartea zatitzeko elementua, baizik eta, identitate guztiak errespetatuz, integraziorako bidea».

Hiru urteko lana

Vilchesek eta Erizek hartu dute hitza gero, eta ikerketaren nondik norakoak aletu. Azaldu dutenez, helburu izan dute Nafarroako errealitate soziolinguistikoa aztertzea, eta, euskararen sustapenaren inguruan, «herritarren artean erresonantzia lor dezaketen balioak hobeto ezagutzea». Hau da: euskararen alorrean, zeintzuk diren adostasun eta atxikimendu handiena lortzen duten diskurtsoak. Eta zeintzuk diren gehienentzat arbuiagarri.

Bi ikerlariek nabarmendu dute hiru urte behar izan dituztela ikerketa diseinatzeko, lantaldeak osatzeko, inkestak egiteko eta txostena ontzeko. 2023. urtean egin zuten ikerketa kualitatiboa, eta 2024an, berriz, kuantitatiboa. Lehen fasean, bederatzi talde osatu zituzten, eremu linguistikoaren, adinaren, sexuaren eta jatorriaren arabera. Lehen saioan, adibidez, Larraun-Leitzaldeko gazte euskaldunak aritu ziren solasean; bosgarrenean, 56 urtetik gorako erdaldunak elkartu zituzten Lizarran; eta seigarrenean, Iruñerrian bizi diren etorkinek hartu zuten hitza. Saio horietan guztietan ateratako ideiak eta diskurtsoak oinarritzat hartuta, fase kuantitatibora igaro ziren: 41 galderako inkesta egin zieten 903 herritarri, telefonoz.

Euskara administrazioan

Nafarroako Gobernuaren eta administrazioen jardunari dagokionez, aise gailendu da euskara sustatzearen aldeko jarrera. Herritarren gehiengo zabal batek —%63k— begi onez ikusten du euskara sustatzea eta haren aldeko politikak garatzea. Txanponaren beste aldean daude euskara sustatzearen «kontra» daudenak, baina askoz gutxiago dira: %17. Hamarretik bik, azkenik, ez dute iritzi sendorik gaiaren inguruan.

Euskara sustatzea zer den, horra datuak interpretatzeko gakoetako bat. Hori argitze aldera, galdera gehiago egin dituzte ikerlariek; besteak beste, nola sustatu beharko lukeen euskara Nafarroako Gobernuak. Bada, ikerketan parte hartu dutenen erdiek uste dute «orain baino gehiago» sustatu beharko litzatekeela; eta «orain bezala» erantzun dute partaideen %34,4k. Inkesta erantzun dutenen %13,3k soilik uste dute gobernuak «orain baino gutxiago» sustatu beharko lukeela euskara.

Azken urteetan, bestalde, polemika sortu du euskara eskakizun edo meritu izateak administrazio publikoan lan egiteko prozesuetan. Gai horren inguruan, ñabardura handiagoak antzeman daitezke txostenean jasotako erantzunen artean, baina, oro har, lau herritarretik hiru —%73,7— ados daude euskara eskatzearekin. Hala ere, %26,7k uste dute «eremu jakin batzuetan soilik» izan beharko litzatekeela eskakizun, eta %30 inguruk, berriz, «lanpostu jakin batzuetarako» bakarrik ikusiko lukete begi onez. Herritarren %17,4k uste dute euskara eskatu beharko litzatekeela administrazioko postu guztietarako.

Hezkuntza eta aisialdia

Euskara ikasteari —eta euskaraz ikasteari— buruz ere galdetu diete parte hartzaileei. Hezkuntzaren alorrean, ezjakintasun handia dagoela ondorioztatu dute Vilchesek eta Erizek: «%40 inguruk uste dute legeak ez duela aitortzen euskaraz ikasteko eskubidea. Harrigarriki, uste oker hori euskaldunen artean antzeman dugu, batez ere».

Ikerketaren arabera, Nafarroako lau herritarretik hiruk uste dute euskara ikasteak «aukerakoa» izan beharko lukeela hala nahi duten haur guztientzat. Euskara «Nafarroako haur guztiek ikasi beharko luketela» uste dutenak, berriz, bostetik bat dira: %21. Gehiengo handi batek, ordea —%82k—, egoki ikusiko luke hezkuntza sistema osoan euskarari buruzko «oinarrizko kultur nozio batzuk sartzea», eta ez soilik D edo A ereduetan.

Euskaraz ez dakiten herritarren artean, gainera, hizkuntza ikasteko gogoa antzeman daiteke. «Euskaraz ez badakizu, ikasi ahal izatea gustatuko litzaizuke?» galderari baietz erantzun diote parte hartzaileen bi herenek.

Aisialdian ere, euskarazko kultur jarduera gehiago antolatzearen alde agertu dira herritarren %63. Gehienak dira euskararen presentzia handitzea nahi luketen herritarrak ere (%64) eta datozen urteetan euskaldunen kopuruak gora eginen dutela uste dutenak (%65).

Gorroto diskurtsoak, behera

Eusko Ikaskuntzaren txostenean irakur daitekeenez, euskararen aurka argi eta garbi azaltzen diren diskurtsoak dira kontsentsu gutxien lortu dutenak. Adibidez, %4 dira uste dutenak «Nafarroako hezkuntza sisteman euskarak tokirik ez lukeela izan behar»; eta euskarak duen presentziak «behera» egitea nahi luketenak, berriz, %8. Nafarroako Gobernuak euskara «orain baino gutxiago» sustatu beharko lukeela diotenak, azkenik, %13 dira.

Apur bat hedatuago dago euskaldunak «talde pribilegiatua» direlako ustea, baina oso bazterrekoa da oraindik: lautik bat dira hori pentsatzen dutenak. Eta antzera, %26 dira uste dutenak euskara «ez litzaiokeela inori eskatu behar» administrazioan lan egiteko deialdietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.