Nafarroako hamar udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzaketan irregulartasunak atzeman ditu CCOOk

Nafarroako Gobernuak soldata osagarriak ordaintzen ditu; baina, CCOOren arabera, udal horiek ez diete langileei jasotako dirua «behar bezala ordaintzen». Salatutakoen artean PSNko hiru udal daude, eta erantzun dute informazioak ez duela inongo oinarririk.

(ID_17455903027485) CCOO - Udalak
CCOOk prentsaurrekoa eman du goizean. Irudian, Joseba Ezeolaza, David Rodriguez eta Lucia Sesma.
2025eko apirilaren 25a
16:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak tokiko erakundeak finantzatzen ditu, oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen soldatak foru administrazioan zerbitzu hori egiten duten langileen soldatekin parekatzeko. Diru osagarri hori udalek kudeatzen dute, eta CCOOk salatu du Nafarroako hamar udal eta mankomunitatek ez dutela «behar bezala ordaindu». Gardentasun falta egotzi die, eta helegitea jarriko du Nafarroako Administrazio Auzitegian.

Finantzaketa irregulartasun horiek honako erakunde hauei aurpegiratu dizkie: Artaxoa, Aiegi, Los Arcos, Mendabia, Viana, Irantzu, Cintruenigo, Nabaskoze eta Queilesko Mankomunitatea —han bateratzen dituzte zerbitzuak Ablitasek, Barillasek, Cascantek, Monteagudok, Murchantek eta Tulebrasek—.

CCOOk zera egiaztatu ahal izan du: udal horietan oinarrizko gizarte zerbitzuetan dabiltzan langileek soldatan jasotakoa ez datorrela bat Nafarroako Gobernuan zerbitzu horretan dabiltzanek jasotakoarekin. Gobernuak berak ordaindutako diru osagarri hori udalek kudeatzen dutenez, ondorio argia atera du: «Diru publikoa desbideratu egiten da, eta ez da behar duen helmugara iristen». Sindikatuaren arabera, kasuz kasu aztertu beharko litzateke nora bideratzen den dirua.

13.000

Zenbat gizarte arloko langile dauden Nafarroan. CCOOk azaldu du gizarte zerbitzuetan 13.000 langile aritzen direla orotara Nafarroan. Oinarrizko zerbitzuen sektorean gehienak emakumeak direla azaldu du Joseba Ezeolaza CCOOko gizarte politiketako arduradunak. «Lanaldi partzial ugari daude eta soldatak oso apalak dira».

Artaxoako Udalean bildu dituzte datu gehien. Zehazki taula bat aurkeztu dute. Oinarrizko zerbitzuen arloan bederatzi langile aritzen dira udal horretan —gizarte langile bat, hezitzaile bat, sendi arloko bost langile eta administratzaile bat—. Horien soldaten osagarriak %20 eta %37 artekoak dira, mailaren arabera. Hala, gobernuak ordaindutakoaren eta langileek kobratutakoaren artean 107.000 euroko diferentzia dago.

(ID_17455898095505) Artaxoako udaletxea
Artaxoako udaletxea

CCOOk galdegin dio Nafarroako Gobernuari jarritako diru horren ikuskaritza egin dezala. Gainera, Nafarroako Kontu Ganberara joko dute, «diru hori non geratzen den argitu dezan». Iragarri dutenez, udal gehiagoren egoerak aztertuko dituzte antzekorik gertatzen den ikusteko.

PSNren erantzuna

Salatutako tokiko erakundeen artean, PSNk kudeatutako udalak daude: Viana, Mendabia eta Buñuel, kasurako. Horregatik, alderdi sozialistak sindikatuari galdegin dio «berehala» zuzendu dezala esandakoa, publikoki, hark iradokitakoak «ez baitu oinarririk».

Esther Iso Antolamendu idazkariak erantzun du ez dagoela «inongo irregulartasunik edo gardentasun faltarik», eta argi utzi du oinarrizko gizarte langileen lanak «legearen arabera» ordaintzen direla: «Kontratazioak eta soldata osagarriak indarrean den araudiaren arabera egiten dira, eta irizpide teknikoei eta zerbitzuaren beharrei erantzuten diete».

Kasurako, esan dute Vianako Udaleko langileen soldata osagarriak eskura dagoen dokumentu publiko batean bilduta daudela. «Oso larria da CCOOk salaketa hori egitea eta udalarekin ez egiaztatzea». Zehaztu duenez, udal horretako CCOOko ordezkariek ez zuten horren berri. Udal horretan, oinarrizko zerbitzuetako langileen %37ko soldata osagarria jasotzen dutela azaldu du Isok, eta gaineratu zerbitzu horretan langile gehiago kontratatu dituztela: «Horrek erakusten du udalak zerbitzu publikoa sendotu nahi duela, eta herritarren arreta hobetu».

Isok salatu du CCOOk ez duela informazioa behar bezala egiaztatu eta zenbaitetan udalak mankomunitateekin nahastu dituela. «Zorroztasun falta horrek herritarren artean desinformazioa eragin besterik ez du egiten, eta kolokan jartzen du erakunde publikoek arlo horretan egiten duten lan gardena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.