Tortura

Nafarroako hamar kultur sortzailek tortura kasuak ikertzeko eskatu dute

Artearen munduko zenbait pertsona ezagunek manifestu bat kaleratu dute, Nafarroan tortura jasan dutenen kasuak ikertzeko eskatuz. Antzeko eskaria egin zuten hainbat kulturgilek 1983an.

jarraia213139.jpg
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 9a
11:42
Entzun

Nafar herritarrek jasan dituzten tortura kasuak ikertzeko «ikerketa ofizial, zientifiko eta independente bat» martxan jartzea: hori eskatu dute hamar kulturgile nafarrek, gaur kaleratu duten manifestu baten bidez. Horrez gain, ekainaren 25ean —Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezperan— herrialdeko torturatuentzat «aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea» aldarrikatzeko Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako manifestaziora deitu dute.

Oraingoz, Saioa Alkaiza, Abel Azkona, Montxo Armendariz, Santos Bregania, Aingeru Epaltza, Irati Jimenez, Nerea Loron—La Furia—, Aitor Merino, Dora Salazar eta Laura Villanueva Arteagak sinatu dute manifestua, baina kulturaren munduko beste zenbait jende ere deitu dute, ekimenera batu daitezen.

Ez da gisa honetako eskaera bat egiten den lehen aldia. Duela 40 urte baino gehiago, 1983ko otsailaren 17an, hain zuzen, Jose Luis Lopez Aranguren filosofoak eta Carlos Castilla del Pino psikiatrak Propuesta estabilizadora contra la tortura (Torturaren aurkako proposamen egonkortzailea) izeneko idatzia argitaratu zuten. Gonzalo Martinez-Fresneda, Jose Maria Mohedano, Marc Palmes, Jose Ramon Recalde, Rafael Sanchez Ferlosio eta Fernando Savater intelektualek ere sinatu zuten idazkia, eta Felipe Gonzalezen gobernuari zuzendu zitzaizkion, 70 egunen buruan tortura bukarazi zezala eskatzeko. Epe hori igarotakoan, beste idazki bat kaleratu zuten: «Gobernuak torturaren gaian duen politika kritikoki berriro aztertzeko geure buruari ezarri genion 70 eguneko epea bete den honetan, gure inpresioa ez dago inondik ere asebetea», adierazi zuten bertan.

Iraganetik etorkizunera

Hamarkada batzuk atzera egindako saiakera horren porrota azaldu dute gaur kaleratu duten idatzian: «Bi idazki hauek argitaratu zirenetik ia lau hamarkada joan diren honetan, tristea da egiaztatzea tortura ez zela desagertu; bi urte eta erdi geroago, 1985eko azaroan, Mikel Zabalza nafarra Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zen, eta 35 urte geroago, 2018ko otsailean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako gobernua kondenatu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola nafarrei atxiloketan emandako tratuagatik». Hala ere, lehen ekinaldi hura eredutzat hartuta, tortura pairatu dutenentzako erreparazioa ardatz hartu dute idatzia sinatu duten artistek. «Duela 40 urte ahotsa altxatu zuten intelektualak bezala, eta txalotu eta lagundu egin nahi ditugu nafar torturatuak beren aitortza eta erreparazio erreklamazioan», azaldu dute.

Gogorarazi dute Nafarroako Torturatuen Sareak egindako ikerketa baten arabera 1960. eta 2014. urteen artean mila pertsona inguru torturatu zituztela, eta horren aurrean ahotsa altxatzeko deia egin dute: «Ondorengo belaunaldiek ez dezaten galdetu behar izan nolatan ez genuen lotsagabekeria honen aurrean ahotsa altxatu, zer dela-eta ez genuen sufrimendu latz honekin enpatizatu, eta, azken batean, zergatik uko egin genion giza aukera eta ortzi-mugarik ederrenari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.