Nafarroako Gobernuko kideek eta EH Bilduk zenbait neurri adostu dituzte, «etxea eskuratzeko bidea errazteko»

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak iragarri dute akordioa erdietsi dutela EH Bildurekin, foru lege bat garatzeko. Adostutako neurrien artean hauek daude: alokairuko etxebizitza babestuak zozkatzea eta etxejabe handien erregistro bat egitea.

Etxebizitzak alokairuan, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Etxebizitzak alokairuan, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 4a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxea eskuratzeko bidea erraztu nahi dute Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak foru lege proposamen bat aurkeztuko dute Nafarroako Legebiltzarrean, «etxebizitza eskuragarria» sustatzeko. Horren barruan, zenbait neurri jaso dituzte, etxebizitza eskubidea bermatze aldera.

Gaur goizean aurkeztu dute akordioa Kevin Lucero (PSN), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel Lopez (Zurekin Nafarroa) parlamentariek, Nafarroako Gobernua osatzen duten taldeen izenean. Azaldu dutenez, akordioa egin dute EH Bildurekin, bi hilabeteko elkarlanaren ostean. Hona hemen lege proposamenean jasotako neurrietako batzuk: 35 urtetik beherakoen eta 65 urtetik gorakoen artean alokairuko etxebizitza babestuak zozkatzea, etxea eskuratzeko orduan diskriminazioa zigortzea eta etxejabe handien erregistro bat prestatzea.

Zurekin Nafarroa koalizioko ordezkariak nabarmendu du «lege erreforma onena» lortu nahi izan dutela, «etxebizitzaren auziak azken urteetan hartu duen norabidea zuzentzeko» xedez. Izan ere, Lopezen irudiko, herritar askok «galarazia» dute etxea eskuratzea: «Arazoa konpondu nahi badugu, ausart jokatu beharko dugu; ezin ditugu betiko konponbideak aplikatu, horrek ez baitu funtzionatuko».

Nafarroan etxebizitzaren alorrean orain arte eginiko bideaz hitz egin du Kevin Lucerok: «Ez gara hutsetik hasi, aurretik ere erreferentziazko neurriak ezarri izan baititugu, baina ezinbestekoa da aurrera egitea eta legedia egokitzea, espekulazioari aurre egiteko». PSNko kideak gaineratu du lege proposamen honen bidez «erantzun bat» eman diotela «etxebizitza duina, eskuragarria eta bidezkoa exijitzen duen aldarri sozialari».

Geroa Bairen izenean, Itxaso Sotok «kezka» agertu du etxebizitzaren arazoa dela eta. Gogoratu du etxeen «erabilera» sustatu behar dela, «haiekin negozioa egin nahi dutenei aurre egiteko». Sotok azpimarra egin du Uxue Barkosen gobernuak 2015etik aurrera sustatutako neurrietan, baina onartu du «bide luzea» dutela aurretik: «Erronka ugariri aurre egin behar diegu, eta lanean segitu beharko dugu, neurri errealak hartuta eta populismotik aldenduta».

Errenta eskuragarria

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak zenbait neurri adostu dituzte, tartean, «errenta eskuragarria». Taldeon helburua da etxebizitza publikoa lor dezaketen herritarren multzoa handitzea. Lopezek esplikatu duenez, bazterketa egoera larrian egon gabe ere etxebizitza baten prezio «neurrigabeak» pagatu ezin dituztenei zuzendutako neurria da: merkatutik «kanporatuak» izan direnei, alegia.

Hain zuzen, babestutako etxebizitzak zozkatzea proposatu dute horretarako. Zurekin Nafarroako eledunaren esanetan, ez dituzte sektore zaurgarrientzako baremazioak kenduko, eta, orain arte bezala, zenbait etxebizitza erreserbatuko dituzte, bazterketa egoeran direnei laguntza emateko. Hala ere, alokairu babestuko promozio berrien artean, beste sistema bat ezarriko dute: horren arabera, alokairuko etxebizitzen erdiak 35 urtetik beherakoen eta 60 urtetik gorakoen artean zozkatuko dituzte; eta beste erdiak, gainerako sektoreen artean. Horren asmoa da banaketa «bidezkoa» bermatzea, «gizarteko geruza guztien artean».

Bazterketaren aurkako zigorrak

Azkenaldian, arrazakeriaren aurka diharduten elkarte eta eragile ugarik salatu dute migratzaile askok bazterketa sufritzen dutela etxebizitza bat lortzeko bidean, eta jabeek traba handiak jartzen dizkietela, beren jatorriaren berri izaten dutenean. Halakoak eragotzi nahi dituzte Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek, hortaz, bazterketa mota gehiago jasoko dituzte lege erreforman: arrazakeria, xenofobia, kapazitismoa eta sexu joeragatiko edo egoera sozioekonomikoagatiko bazterketa. Horiek guztiak zigortu eginen ditu lege berriak, huts larritzat joko baitituzte. 

Etxebizitza jazarpen kontzeptua ere jasoko du lege proposamenak, era honetan: «Pertsona bat bere borondatearen aurka etxebizitza uztera behartzea helburutzat duen edozein jokabide, ez-egite edo abusu, dela presioen bidez, higiezina nahita hondatuz, ez ordaintzera bultzatuz, mehatxuen bidez edo aurkako giro bat sortzen duen beste edozein ekintzaren bidez». Hori guztia ere zigortua egonen da.

Alokairuen erregistroa ere handituko dute, ezinbesteko informazioa gehitze aldera; hala nola adostutako prezioa, aurreko kontratuen errenta, prezioen eguneraketak edo fidantzaren zenbatekoa. Horrez gain, etxejabe handien erregistro bat ere sortuko du Nafarroako Gobernuak. Bost etxebizitza edo gehiago dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak identifikatuko dituzte hor, besteak beste, tentsio handiko eremuetan mugak ezarri ahal izateko. «Hartara, alokairuko etxebizitza baten bila dabiltzanek jakin ahalko dute jabea zerrenda horretan dagoen, eta exijitu ahalko dute prezioa izan dadila legeak ezarritakoaren araberakoa», azaldu du Lucerok.

Lege berria indarrean jartzen denetik, bestalde, pertsona batek etxebizitza bati uko egiten badio «justifikatutako motiborik gabe eta etxebizitzak eskabidean zehaztutako ezaugarriak bete arren», eskatzaileen erroldatik kanporatuko dute bi urtez. Parlamentarien arabera, neurri hori ezarri dute «bermatzeko etxebizitzak ematen zaizkiela benetako interesa eta beharra dutenei».

Azkenik, gobernuak diru laguntzak emanen ditu etxebizitzak zaharberritzeko. «Neurri hori pentsatua dago, batez ere, etxebizitza parke publikoa biziberritzeko eta egokitzeko, eta energia efizientzia urriko etxeek ingurumenean duten eragina murrizteko», azaldu du Sotok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.