Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartu du ikastetxe publikoetarako beste 121 irakasle eta laguntzarako langile kontratatzea. 5.417.950 euro erabiliko dituzte horretarako eta ordezkapenengatik egin beharko dituzten kontratazioetarako.
Aurten, lehenengo aldiz, ikasleek maiatzaren bigarren hamabostaldian egin zuten aurrematrikula, otsailean egin beharrean. Hori horrela, Hezkuntza Departamentuak azaldu duenez, langile kopurua matrikulazioaren aurreikuspenaren arabera eta taldeen kopurua behetik kalkulatuta kalkulatu zuten. Orain, behin betiko matrikulak eta hezkuntza ikuskaritzaren txostenak kontuan hartuta, ikusi dute beharrak asetzeko langile gehiago kontratu behar dituztela. Beraz, ekainean onartutako 3.836 langileren kontratazioaz gain, beste 121 langile kontratatzea baimendu dute. Azken horietako 64 postu Lanbide Heziketarako izango dira, 42 PROA+ programarako, zortzi ikaslerik zaurgarrienei laguntza eta orientazioa emateko eta sei postu irakasle ez diren langileentzako.