Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak duela hilabete. Besteak beste, Nafarroako haur guztiei euskara ikasgaia ematea proposatu zuen Euskarabideak, beste hainbat neurrien artean. Plana ontzeko prozesuan, bestalde, euskalgintzako zenbait eragilek parte hartu dute, tartean Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Gaur, plangintzari egin dizkioten ekarpenak erregistratu dituzte bi erakundeok, Nafarroako Gobernuaren egoitzan.
Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, nabarmendu du plan berriak «anbizioa» falta duela. Arazoaren oinarria, baina, arau eta legeetan dagoela uste du: «Hizkuntza politika hiru zutabetan ardazten da: araugintza, plangintza eta baliabideak. Tamalez, Nafarroan araugintzaren bidean ez da aldaketarik planteatu asteotan, eta horrek eskubideen urraketen betikotzea dakar. Kontseiluan eta Behatokian ohartuak gaude egun Nafarroan zein arazo eta oztopo ezartzen dituen araugintzaren zutabeak. Euskaldunon eskubideak lurraldearen arabera aitortzen dituen legea oinarri, kezkaz bizi ditugu lege horren garapenerako indarrean dagoen araudiak sortzen dituen bidegabekeriak. Eta legegintzaldian ez dugu inolako aurrerapausorik ikusi; are gehiago, atzerapausoak izan dira».
Hori dela eta, Euskararen II. Plan Estrategikoak «bidegabekeria horiek zuzentzeko» bidea eman beharko lukeela esan du Kontseiluko buruak: «Horretan saiatu gara, gaur aurkeztu ditugun ekarpen hauen bidez, eta, horregatik, neurriotako askok izaera politikoa dute». Bilbaok gaineratu du hizkuntz eskubideak ezin direla «unean uneko adostasunen arabera» definitu: «Eskubideak direnak dira; ezin dira mugatu balizko kontsentsu baten aitzakian».
Anbizioz jokatzeko deia
Planari eginiko 67 zuzenketen berri eman du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. «Testuan erabilitako aditzak aldatu beharra» ikusi dute nagusiki, planean jasotako neurriak eraginkorrago bihurtze aldera: «Zazpi urteko plan batez ari gara, eta neurriek konkrezioa edo zehaztasuna behar dute: bermatu, egin, burutu… Ezin dira une oro aztertu, lagundu edo antzekoak erabili», adierazi du.
Horrez gain, faltan sumatu dituzte «neurri estrategikoak eta proposamen zehatzak, eskubideak bermatzeko». Planaren testuari, adibidez, puntu hau gehitzea eskatu dute: «Departamentuz departamentu eta erakunde autonomoz erakunde autonomo, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren lanpostu elebidunen proposamena Nafarroako Gobernuari helarazi, lan deialdiak horren arabera egin ditzan».
Aurreko planean jasota egon arren, bete gabe dauden neurri batzuk ere berreskuratu dituzte, Euskararen II. Plan Estrategikoari eransteko; bereziki, kontratazioen edo diru laguntzen irizpideetan hizkuntza klausulak txertatzeari buruzkoak. «Zalantzarik gabe, gobernuari badagokio sustapen lana egitea, baina araugintza ere erabili behar da. Ez dugu ulertzen zergatik desagertu ziren neurri horiek, eta berreskuratu nahi ditugu», azaldu du Gaubekak.
Oro har, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako planari «anbizioa» erantsi diotela nabarmendu dute Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek. «Anbizioz jokatu behar da, eta hizkuntza politiketan jauzi bat eman», adierazi du Behatokiko zuzendariak: «Plan honek baliabide egokiak beharko ditu. Hor ere anbizioz jokatu beharko da, eta jauzia eman beharko da aurrekontuetan baldin eta planaren neurriak egoki beteko badira».
Izan ere, Euskararen II. Plan Estrategikoa, Euskarabiderena ez ezik, «Nafarroako Gobernu osoarena» dela azpimarratu dute Bilbaok eta Gaubekak: «Beraz, departamentu guztiek hartu beharko dituzte neurriak hura betetzeko eta hari jarraipena emateko».