Ez dituzte euskaratuko. Nafarroatik Ipar Euskal Herrira doazen errepideetako seinaleetan, Francia izena azalduko da aurrerantzean ere, gaztelania hutsean. Herritar batek kexa aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoan, eta seinale horiek euskaratzeko eskatu. Erakunde horrek arrazoia eman zion, eta gobernua premiatu zuen errepideetako hizkuntza paisaia ele bitan jartzera. Nafarroako Gobernuaren erantzuna heldu da orain: ez dituzte seinaleak aldatuko.
Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek esan du gobernuak ez duela onartuko Arartekoaren gomendioa, eta erabaki horren oinarri eta heldulekutzat jo du Espainiako errepideen araudi teknikoa: «8.1-IC arauak dio atzerriko udalerriak idatziko direla espainolez soilik, forma horiek existituko balira; eta existituko ez balira, herrialde horretako hizkuntzan idatziko direla».
AET Administrazioan Euskaraz Taldeak ohar batean adierazi duenez, ordea, Arartekoaren idazkiak berak agerian uzten zuen Espainiako arau hori ez dela aplikagarria kasu honetan: «Arartekoak oroitarazi zion PSNko kontseilariari 8.1-IC arauak udalerriei egiten diela erreferentzia, eta ez herrialdeei. Beraz, Francia inskripziodun seinaleei ez litzaieke arau hori aplikatuko». Horrez gain, seinaleak euskaratzeari buruzko eskuduntza Nafarroarena dela gogorarazi du Administrazioan Euskaraz Taldeak. «Txibite kontseilariak jakin beharko luke euskarari buruzko eskumena Nafarroarena dela, eta lege mailarik ere ez duen jarraibide txar bat ez dagoela Nafarroaren eskumenen gainetik».
Erlazionatuta
Seinaleak euskaratzeko bidea ere ematen dute Nafarroako legeek. Zehazki, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko foru legearen 56. artikuluaren eta 103/2017 Euskararen Foru Dekretuaren arabera, bide seinaleak ele bitan idatzi behar dira. Arartekoak azaldutako horrez gain, Administrazioan Euskaraz Taldeak gaineratu du Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu akordioa sinatu zutela iaz, eta horretan zurian beltz jasota dagoela errepide seinaleetan eta karteletan elebitasuna bermatzeko beharra.
«Argi dago Lurralde Kohesiorako kontseilariari dena berdin zaiola: errotulazioa gaztelania hutsean egiten du; kexarik baldin badago, esaten du hurrengoetan ele bitan jarriko dituela, baina gero, berriz ere, erdara hutsean jartzen ditu seinale berriak», azaldu du taldeak, oharrean. Euskararen aurkako jarrera izatea egotzi diote Txibite kontseilariari, eta halakoei «muga» jartzeko eskatu diete alderdi euskaltzaleei.
Honako hau ez da Administrazioan Euskaraz Taldeak Oscar Txibiteren jokabidea kritikatzen duen lehen aldia. Urtarrilean ere salatu zuten gobernuak uko egin ziola N-121 errepideko obretako seinaleak ele bitan jartzeari.