Mikel Albisu idazleak Aezkoa ibarreko zenbait udalerritako irakurle taldeak gidatzen ditu. Covitek salatu egin du hori, eta eskatu du irakurle taldeen gidaritza karguetatik kentzeko. Nafarroako Gobernuak bere egin du eskaera hori. Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak esan du udaletara zabaldu dutela kolaborazioa eteteko eskaera: «Nafarroako Elkarbizitza Planari jarraituz, koherentziarengatik, udal horiei eskatu diegu eten dezatela pertsona horren eta irakurle taldeen arteko kolaborazioa».
Albisu 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten. Dignidad y Justicia elkarteak eskatu du auzibide batzuk irekitzeko haren kontra, zenbait atentaturen «egile intelektualak» ikertzeko. Hainbat auzi ireki dizkiote horren harira, eta, zigor gisa, debekatua du Espainiako Estatuko lurraldetik ateratzea eta epailearen aurrean aurkeztu beharra du.