Nafarroako Gobernuak torturaren biktimak aitortu ditu: «Zuen oinazea egia izan zen»

Bost aldiz atxilotua eta torturatua izan zen Alberto Goñik nabarmendu du erreparazioak modua ematen duela bizi osorako traumaren mina arintzeko. Ana Ollok barkamena eskatu die biktimei, erakundeek urte luzez bizkarra eman dietelako.

(ID_14677043) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-02-13, Iruñea. Indarkeria polizialaren biktimen aitortza ekitaldia
Alberto Goñik lekukotza eman du iaz aitortuak izan ziren biktimen izenean, Iruñeko Baluarte jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko otsailaren 13a
22:28
Entzun

Isiltasunari krak. Hitz horiekin hasi da ostegun arratsaldean motibazio politikoko biktimak aitortzeko ekitaldi ofiziala. Izan ere, torturaren errealitate lazgarria tabu izan da urte luzez Nafarroako erakundeen artean, baina isiltasun hori hausten ari da. Nafarroako Gobernuak iaz indarkeria polizialaren eta eskuin muturreko taldeen 41 biktima aitortu zituen, eta horietatik %40 inguru torturatuak izan ziren. Horiei guztiei egin zaie «aitortza soziala» Iruñeko Baluarte jauregian. Biktimen izenean, Alberto Goñik hitz egin du, eta nabarmendu du torturak eragindako trauma, bizi osorako dena, «leuntzeko» balio duela erreparazio prozesuak.

Aretoaren hiru laurden beteta zeuden. Aitortutako 41 biktimen senide eta lagunak bertaratu dira. Ordezkaritza ofiziala ere zabala izan da. Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde eta ia talde guztietako legebiltzarkideak han izan dira—PP eta Vox ez dira bertaratu—: hala nola UPNko Lucia San Martin, PSNko Inma Jurio eta Kevin Lucero, EH Bilduko Laura Aznal eta Arantxa Izurdiaga, Geroa Baiko Pablo Azkona eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzman. Gainera, Garbiñe Bueno Iruñeko alkateordea eta Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria bertan izan dira, baita Imanol Pascual eta Imanol Karrera ere, ELA eta LABeko Nafarroako koordinatzaileak, hurrenez hurren.

Hasteko, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta Aitortza eta Erreparazioko buruak hartu du hitza. Haren hitzetan, talde hori «egiaren batzordea» da, eta nazioarteko zuzenbidearen eta adituen gomendioei jarraikiz ari da lan egiten. Onartu du legeak debekatu egiten diela giza urraketa horien egileak ikertzea, baina ez du uste horrek haren garrantzia kentzen duela: «Gure batzordeak ez du funtzio juridikoa, baina hortik kanpo joka dezake. Ez du kalteen egilea identifikatzen, baina argia jartzen du ukatutako errealitate baten gainean. Zuen sufrimendua egia izan zen, eta ez dago hori gehiago ukatzerik».

Jarraian, Alberto Goñik hartu du hitza, eta biktima guztien izenean hitz egin. Trantsizioaren hasieratik 1987ra bitarte, bost aldiz atxilotu zuten. Atxiloaldi horietan, bai Espainiako Poliziak bai Guardia Zibilak torturatu egin zuten. Garai hura gogoan, Goñik azaldu du Tuteran izan zela poliziek Gladys del Estal erail zutenean, eta 1985ean atxilo hartu zutenean Mikel Zabalza Intxaurrondon zela. «Poliziek etxetik atera nindutenean, amak izututa galdetu zien ea zer gertatuko zitzaidan, eta haietako batek zera erantzun zion: ‘Lasai, haren gorpua ez da Bidasoaren ur gainean agertuko’. Handik egun gutxira agertu zen Bidasoan Zabalzaren gorpua».

Torturaren motxila

Goñiren arabera, torturak «bizi osorako trauma» eragiten dio biktimari, eta gainean daraman motxilaren zama deskribatu die bildutakoei. «Errua, beldurra, lotsa, isiltasuna... Beldurra ariman sartzen zaizu, talka egiten du zure baitan, itotzen zaitu, ez dizu bizitzen uzten. Itzuliko diren beldurrez beti. Errua, berriz, barrutik usteltzen zaituen pozoi bat da. Zure erruz beste torturatu batzuk daudela esaten dizute poliziek, gehiago euts zeniezaiokeela eta ez zenuela egin. Isilik gelditzen zara, jakinda zerbait egingo zenuelako susmo orokorra piztua dela. Edo ez zen hainbesterako izango. Egun bat besterik ez zen izan. Ahaztu eta ahaztua izan, ez duzu besterik nahi».  

Azken gogoeta egin du, eta azpimarratu du indarkeria oro «gizagabea» dela, eta besteak entzutea galarazten duela. Horren aurrean, aipatu du beharrezkoa dela hitz egitea eta muga horiek gainditzea. Aurretik, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, onartu du Aitortza Batzordearen aurrean egin behar izan duen prozesua «zaila» dela: «Inork ez daki zer bizi izan duzun, eta hori guztia lurpetik ateratzea gogorra da. 30 urtez ez banaute sinetsi, orain zergatik sinetsiko didate? Oso mingarria da, baina era berean ezinbestekoa eta garrantzitsua».

Ekitaldi amaieran, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordeak hitz egin du, eta barkamena eskatu die biktima guztiei, urte luzez erakundeek bizkarra eman dietelako. Onartu du biktimek ingurunearen babesa baino ez dutela izan eta maiz gizartea «erakundeen aurretik» izan dela. «Barkamena eskatzen dizuet luzaroan zuen eskaerak aintzat hartu ez dituzten erakundeen izenean».

(ID_14676956) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-02-13, Iruñea. Motibazio politikoko Biktimei erreparazio ekitaldia
Torturaren mina erreparatzen hasteko saioaren dantzaldia, akordeoi eta oboe doinuez lagundua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mintzaldiz mintzaldi, musika eta dantza tartekatu dira. Ekitaldiaren erdian, torturaren mina irudikatu nahi izan dute. Akordeoi baten harmoniarik gabeko soinu karraskariak eta begiak estalitako emakume baten mugimenduek torturaren garraztasuna irudikatu dute. Ondoren, klarinetearen eta akordioaren doinu harmonikoak eta gorputzen fluxu mugimenduak nolabaiteko erreparazioa islatu dute. «Minak sufritu egiten du, eta hitzak, berriz, dantza», azaldu du ahots batek.

Ekitaldi aurretik, Laura Aznalek aipatu du EH Bilduk babestu egiten duela prozesu hori. Gogora ekarri du tortura «isilarazia eta kriminalizatua» izan dela urteetan, eta orain argitara ateratzen ari dela apurka. «Jada 41 biktimak jaso dute aitortza, eta errealitate askoz zabalago baten izozmendiaren punta da hau. Batzordearen lana baloratzen dugu, lan zaila baita. Presioak dituzte, baina lan hori oso beharrezkoa da».

2027ra arte

Nafarroan, erreparazio eta aitortza prozesuak lau urte eta erdi iraungo du, 2027 erdialdera arte. Bitarte horretan, batik bat polizien indarkeria jasan dutenek aitortzarako eskaera egin dezakete. Gaur-gaurkoz, azken datuen arabera, 137 eskaera erregistratu dira. Iaz, orotara 41 kasu onartu ziren, baina oraindik lan asko geratzen da egiteko

Nafarroako Gobernuak erreparaziorako diru sail bat jaso du 2025erako aurrekontuetan. Gainera, hezkuntzarako eta bizikidetza planetarako diru sail bat ere jasotzen du. 1.243.000 euroko kalte ordaina jartzea adostu dute onartutako 41 kasu horientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.