Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek adierazi dute biktima guztien aitortza «inolako asimetriarik gabe» egitea dela xedea, eta hau urrats bat dela bide horretan.

Nafarroako Gobernuak antolatutako aitortza ekitaldia, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Nafarroako Gobernuak antolatutako aitortza ekitaldia, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 27a
11:45
Entzun

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak torturak jasandako beste zazpi lagun aitortu ditu «motibazio politikoko biktima» gisa. Horien artean dira Francisco Erdozain, Eneko Compains, Ibon Esteban, Ander Maeztu, Garazi Autor eta Iñigo Gonzalez. Horiekin, 48 dira lurralde hartako gobernuak aitortu dituen biktimak; ia erdiak dira torturaren biktimak. Eragileen esanetan, estatuaren biktimen pairatutako diskriminazioari aurre egiteko beste urrats bat da. 

Jakinarazi dituzten kasuetatik bost 2010eko irailetik eta 2011ko urtarrilera bitarte gertatu ziren, bost hilabete eskaseko tartean. Esteban eta Maeztu egun berean atxilotu zituen Espainiako Poliziak: 2010eko urriaren 22an. Biak inkomunikatu zituzten. Estebanek salatu zuen Madrilerako bidean «makurtuta egotera» behartu zutela, eta zorabioaren ondorioz oka egin zuela, kolpeak eman eta galderak egiten zizkioten bitartean. Behin Madrilgo polizia etxean zela, tortura gehiago pairatu zituen. Maeztuk, berriz, azaldu zuen, besteak beste, mehatxuak, asfixia eta kolpeak jasan zituela. Hark Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileari —gaur egun Barne ministroa da— eman zion horren berri. 

Grande-Marlaskaren auzitegitik igaro ziren Autor eta Gonzalez ere. Lehena 2010eko abenduan. Hark azaldu zuen Madrilerako bidean, kolpeak eta irainak jasateaz gain, «arekan» uzteko mehatxuak ere egin zizkiotela, autoa landa bide batetik desbideratu ostean. Polizia etxera iritsita, «etengabe eduki zuten argia piztuta, eta bi ordutik behin esnatzen zuten. Hainbat aldiz galdekatu zuten, eta kolpeak, ariketa fisiko behartuak, biluzi partzialak, plastikozko poltsa bidezko asfixia, larderiak, irainak eta bestelako laidoak jasan zituen», Torturatuen Sareak azaldu duenez.

Gonzalezek ere kolpeak pairatu zituen, eta ariketa fisikoa egitera behartu zuten buruan poltsa bat jarrita. 2011ko urtarrilean izan zen hori. Salaketa jarri zuen Iruñeko epaitegian, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen torturak ez ikertzeagatik.

Compains, berriz, lau aldiz atxilotu zuten: 1997an —adingabea zela—, 1999an, 2003an eta 2010ean. Hirugarren atxiloketaren ostean, Compainsek torturak salatu zituen, eta NBEko torturaren inguruko errelatoreak ere aztertu zuen auzia. Azken atxiloketan jasandako torturen kasua, berriz, auzitara iritsi zen, baina 2018ko abenduan salaketa artxibatzea erabaki zuen Nafarroako Auzitegiak. Aurrez, Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegiko magistratuaren aurrean deklaratu zuten lau guardia zibilek ukatu egin zuten Compains torturatu izana. «Enekok kolpeak sufritu zituen, buruan poltsa bat jarriz itotzen zuten bitartean», gogoratu du Torturatuen Sareak.

Erdozainena da gaur ezagutarazitako kasuen artean zaharrena. 1978ko maiatzaren 15ean mobilizazio bat egin zuten Iruñean, Jose Luis Canoren heriotzaren urteurrenaren harira; Espainiako Poliziak hil zuen, garondoan tiro eginez. Elkarretaratze hartan istiluak izan ziren, eta poliziek Erdozain jipoitu zuten. Kolpeen ondorioz, ospitaleratu egin zuten. Gainera, 1989ko maiatzaren 15ean, hau da, eraso hartatik 11 urte igaro zirenean, bonba gutun bat jaso zuen etxeko postontzian.

142 eskaera

Nafarroako Gobernuak otsailaren 13an egin zuen Poliziaren indarkeriaren eta eskuin muturraren biktimei «aitortza soziala» egiteko lehen ekitaldi instituzionala, Iruñeko Baluarten. Hartan, zehazki, iaz aitortutako 41 biktimak izan zituzten gogoan. Hain zuzen, zerrenda horri batu behar zaizkie gaur jakinarazitako zazpiak.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek ontzat jo dituzte aitortza ofizial horiek, «berarekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio bidean jartzea». Bide horretan egindako beste urrats bat da zazpi torturatu horien aitortza, eragileen esanetan: «Bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela berriro ez gertatzea bermatuz». 

Izan ere, bi eragileek nabarmendu dute ezinbestekoa dela biktima guztien aitortza «inolako asimetriarik gabe» egitea. Uste dute hori dela bidea egun estatuaren biktimek pairatzen duten diskriminazioa gainditu eta «bizikidetza esparru baten oinarriak» ezartzeko. 

Horretarako, «hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara ateratzeko» lanean jarraitzeko prest azaldu dira, eta dei egin diete estatuaren biktimei aitortza eskaera gehiago aurkezteko. Horretarako laguntza eskaini diete. Oraingoz, 142 eskaera erregistratu dira, baina, EAEn ez bezala, Nafarroan zabalik dago epea, 2027ko uztailera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.