Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dute Nafarroako Gobernuak torturak pairatutako beste bost lagun aitortu dituela motibazio politikoko biktima gisa. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira. Haietako lau Espainiako Poliziak torturatu zituen, eta bi, Guardia Zibilak. Egiari Zor-ek eta Torturatuen Sareak, orain arteko aitortzekin egin bezala, ontzat jo dituzte horiek ere, «aurrerapausoak» direlako «hainbestetan ukatutako errealitate baten egiaranzko bidean».
Beraza bi aldiz atxilotu zuten 1981ean; lehenik, Espainiako Poliziak, eta hamar egun geroago, Guardia Zibilak. Bietan torturatu zuten, eta ondoren aske utzi. Buñuel, berriz, 1985ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Tuteran, eta salatu zuen, besteak beste, kolpeak, irainak eta mehatxuak pairatu zituela. Bost urte geroago, Ruiz atxilotu zuten Tafallan. Hura ere Espainiako Poliziak atzeman eta torturatu zuen. Azaldu du, besteak beste, itolarria eragin ziotela plastikozko poltsa batekin, etengabe kolpeak eman zizkiotela buruan, tripan eta barrabiletan, eta pistola batekin lokian tiro egiten ari zitzaizkiola simulatu zutela.
XXI. mendea hasia zela torturatu zituzten Perales eta Juarez. Lehena 2005ean atxilotu zuten, eta, inkomunikatua zutela, guardia zibilek mehatxatu egin zuten, baita hura beldurtzeko teknikak erabili ere. Juarezi, berriz, Espainiako Poliziak kolpeak, irainak eta mehatxuak egin zizkion 2010ean.
Nafarroako Aitortza eta Erreparazio Batzordeak ematen ditu aitortza horiek, eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzeko 16/2019 foru legeak hala adierazita. Gaur jakinarazi dituzten bost aitortzekin, 53 dira estatu indarkeriaren biktima aitortuak. Horietatik 27 torturen biktimak dira, eta aitortutako sei hildakoen artean torturen ondorioz bizia galdu zuen lagun bat ere bada. Halere, kopurua oraindik urrun dago egindako eskaera kopurutik; gutxienez 149 dira, Egiari Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen datuen arabera.
Epea irekita dago
Jada aitortutakoez gain, beste asko dira 1960 aurreko hamarkadara arte motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasan eta aitortzarik jaso ez duten euskal herritarrak. Horregatik, Egiari Zor-ek eta Torturatuen Sareak dei egin dute biktimek aitortza eskaerak aurkez ditzaten. Horretarako tartea dute 2027ko uztailera arte, eta bi eragileak prest dira tramitazioa egiten laguntzeko.
Bi eragileen ustez, aitortzek balio behar dute estatuaren biktima guztiek eta haien senideek «erreparazio integrala» jasotzeko bidea irekitzeko, baita ez errepikatzea bermatzeko, gertatutakoa argitzen laguntzeko eta inpunitatea amaiarazteko ere: «Egia osoa jakiteko eskubidea dugu, denbora luzeegian ukatu baitzaigu egia hori estatuaren indarkeriaren biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari».