Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren beste bi biktima aitortu ditu. Alberto Goñi Diez,1979tik 1985era bitartean Espainiako Poliziak hiru aldiz torturatua, eta Joxe Aldasoro Jauregi, 2010ean Guardia Zibilak torturatua.
Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritzak ez du plazaratzen nor aitortzen duen, baina Torturatuen Sareak jakinarazi du albistea, ohar bidez.
Eskuin muturreko taldeen eta segurtasun indarren indarkeriaren biktimen 2019ko legearen arabera, aitortza ofiziala jaso dute Goñik eta Aldasorok. Erreparazio batzordeak aztertu ditu bi kasuak, eta zuzendaritzak ontzat jo du batzordeko kideek proposatutako ebazpena. «Hitzez hitz aitortzen die motibazio politikoko biktimak direla», dio Torturatuen Sareak.
Alberto Goñi hiru aldiz atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak: 1979an, 1982an eta 1985ean. Atxilotuta egon ostean, aske utzi zuten, baina etengabeko jazarpena jasan zuen luzaz.
Joxe Aldasoro 2010ean atxilotu zuten, eta, Fernando Grande Marlaska orduko Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz —egun Espainiako Barne ministroa da—, inkomunikazioa ezarri zioten. Aldi horretan, tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. Iruñeko epaitegian salatu zuen torturatu egin zutela, baina salaketa artxibatu egin zuten.
33 aitortza gutxienez
«Uste dugu jarraipena eman zaiola estatuek Nafarroan urteetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari», adierazi du sareak. Gaur-gaurkoz, sarearen datuen arabera, gobernuak gutxienez 33 kasu aitortu ditu. Dena den, kasu bakoitza konfidentziala denez, baliteke gehiago ere izatea. Gobernuak konpromisoa hartua du urtero txosten bat kaleratzeko, eta orduan jakingo da aurten zenbat kasu aitortu diren.
Berez, prozesua irekita dago oraindik, 2027ko uztailera arte izango baita eskaera egiteko aukera. Horregatik, sareak uste du garrantzitsua dela estatuaren indarkeria jasan dutenek eskaerak aurkeztea aurrerantzean ere. Kasuak askotarikoak izan daitezke: torturatuenak, errepide kontroletan erasoak jasandakoenak, eskuin muturreko taldeen atentatuetako biktimenak, poliziek jaurtitako gomazko piloten ondorioz eraildakoenak, manifestazioetan jazarpena jasandakoenak, ondasun materialen aurkako atentatuak, legez kanpo atxilotutakoenak...
«Gure ustez, ezinbestekoa da biktima guztiak aitortzea inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe», dio sareak. Gaineratu du beste urrats bat egin dela «herrian bizi izandako sufrimendua aitortu eta erreparatu dadin».