Tentsio handiko eremuak errazago izendatu ahal izateko, Nafarroako Etxebizitza Legea egokitzea onartu zuten joan den astean Nafarroako Parlamentuan. Foru legearen proposamena aurkeztu zuten alderdiek bozkatu zuten alde —PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek—; eta UPN, PPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra. Gaur, Begoña Alfaro Nafarroako hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak jakinarazi du prozesua abiatuko dutela 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko.
Elga Molina Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusiarekin batera egindako agerraldian, Alfarok jakinarazi du datuetan oinarritu direla, tentsio handiko eremu izendatzeko prozesuan parte hartuko duten udalerrien zerrenda egiteko. «Gaur ez dugu ezer adierazten formalki; prozesua zein eremutan hasiko dugun besterik ez dugu iragarri nahi», zehaztu du.
Legearen arabera, lau irizpidetatik bat bete beharko dute udalerriek, tentsio handiko eremu izendatzeko: etxebizitzaren zein alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo bada (KPI + hiru puntu); edota etxebizitzaren zein alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada.
Besteak beste, Iruñea, Burlata, Zizur Nagusia, Berriozar, Antsoain, Altsasu eta Tutera izendatu nahi dituzte tentsio handiko eremu. 21 udalerri horietan, Nafarroako herritarren %68,3 bizi dira. Gaur jarriko dute martxan prozesua, eta 2025eko urtarrilean izapide administratiboak hasiko dituzte. Alfaroren arabera, alokairuaren prezioa mugatzeaz gain, beste neurri batzuk ezartzea dute helburu.
Neurria beharrezkotzat jo du Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak: «Administrazio publikoek eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu milaka familia merkatutik kanpo uzten ari diren etxebizitzen prezioen etengabeko igoera geldiarazteko».
Harremanak beste eragileekin
Prozesua «ahalik eta gardenena» izan dadila nahi du Molinak. Datozen bi hilabeteetan, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin jarriko dira harremanetan. Parte hartuko duten eragileekin ere bilduko dira, baita tentsio handiko eremu izendatuko dituzten udalerriekin ere. Horrez gain, izendapenaren ostean «gobernuak egin nahi dituen ekintza nagusiak» jasoko dituen plana sortuko dute. Urtarrilean, izapide administratiboei emango diete hasiera, eta bi hilabeteko epea ezarriko dute alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Foru agindua argitaratzeko orduan, Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari igorriko diote jakinarazpena. «Ministerioak emango digu tentsio handiko eremuetan ezarriko den alokairuaren prezioen mugarako indizea», azaldu du Molinak. Behin prozesua amaituta, sei hilabeteko epea ezarriko du gobernuak, udalerriekin batera neurri zehatzei buruzko plana egiteko. «Hori da, gure ustez, urratsik garrantzitsuena, izendapen hori aukera bat izan behar delako, etxebizitzaren prezioen gorakadarekin kezkatuta dauden udalerri guztientzat».
EH Bilduren, Geroa Bairen eta Zurekin-en irudiko, albiste baikorra
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek begi onez ikusi dute dute Nafarroako 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua hasi izana. Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramaile Laura Aznalek nabarmendu du aspaldian eskatzen ari ziren neurria dela, baikorra, izendapenek beren kasa ez dutela eraginik izango: «Izendapenengatik onartuko diren plan bereziek izango dituzte egoera hobetzeko neurriak». Ziurtatu du EH Bilduk «plan integralak eta eraginkorrak» onduko dituela.
Geroa Baiko Pablo Azkona baikor mintzatu da: «Aurrerapen hori albiste ona da». Zurekin-eko Carlos Guzmanen irudiko ere, neurria baliagarria izango da: «Ezinbestekoa da administrazio publikoek etxebizitza duin eta egoki bat bermatzea, eta uste dugu neurri hau dela garrantzitsuena momentu hauetan».