Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurriak mantendu nahi ditu. Aurrez ezarritako neurriak ostiralean amaitzen dira, baina haiek luzatzea proposatu du gobernuak, gutxienez, urtarrilaren 31ra arte. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dago orain foru agindua.
Santos Indurain Osasun kontseilariak zehaztu duenez, oraingoz ez dute neurri gehiago hartzeko asmorik, baina, foru agindu orotan bezala, aukera irekirik dago. Ikusteko daude oraindik Urtezahar egunaren eta Errege egunaren ondorioak, eta unibertsitateko ikasleen itzulerarenak.
Indurainen arabera, neurriekin, kutsakortasunak ez du goia jo. «Zifrak erabat deigarriak eta ezohikoak dira; inoiz ez bezalako intzidentzia datuak ditugu, hemen, Europa osoan eta mundu osoan. Gure osasun sisteman izaten ari den eragina handia da, lehen arretan zein ospitaleetan», adierazi du. Aurreko olatuekin alderatuta omikron aldaeraren koadro kliniko larrien ehunekoa txikiagoa bada ere, «intzidentzia hain da handia horrek handitu egiten dituela ospitaleratzeen eta ZIUetako gaixoen kopuruak».
Oraintxe bertan, 246 lagun daude ospitaleetan; horietatik 35 ZIUko oheetan. Olatuaren hasierarekin alderatuta, hiru bider handitu da ZIUetako gaixo kopurua.
Neurriak gogorarazi
Beraz, Auzitegiak erabakia berretsiz gero, gauean, 01:00etatik 06:00etara, ostalaritzako eta gaueko aisialdiko negozioek itxita jarraituko dute —hala nola tabernek, diskotekek, kontzertu eta dantza aretoek, jatetxeek, bingoek, apustu etxeek, gastronomia elkarteek eta etxabeek—.
Ostalaritzan egungo neurriek indarrean segituko dute, beraz: ezingo da barran kontsumitu; mahaietan gehienez ere hamar lagun elkartu daitezke 70 zentimetroko distantzia gordez, eta metro eta erdikoa mahai artean.
Kultur eta kirol ikuskizunetan, berriz, antolatzaileek jendea ez pilatzeko neurriekin segitu beharko dute, eta Osasun Departamentuak zehaztutako irizpideak bete. Halaber, debekatuta dago barruan edari eta janariak kontsumitzea.
Neurri horiez gain, gobernuak ohiko prebentzio neurriekin jarraitzeko deia egiten du: barrualdeetan aireztapen egokia izatea, maskarak egoki jantzita eramatea, hamar lagunetik gorako bilkurak saihestea eta distantzia fisikoa gordetzea.