Atzo eman zuten aditzera, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. PSNk prostituzioari buruzko galdera bat egin zion Javier Remirez gobernuko presidenteordeari, eta hark azaldu zuen gobernuak aurreikusia duela plan integral bat sortzea prostituzioa gelditzeko eta haren biktimei laguntzeko. Remirezek erantsi zuen, gainera, foruzainek eta gainerako poliziek «handitu» eginen dituztela «sexu esplotazioaren kontra egiteko ahaleginak».
Gaur egun prostituzioak Nafarroan eragiten duen arazoaren larria azaldu zuen presidenteordeak bere hitzaldian, hainbat datu emanez: «Nafarroan, 2.000 gizon inguruk ordaintzen dute egunean emakumeak esplotatzeko, eta 30 prostituzio klub baino gehiago daude», adierazi zuen. Haren esanetan, 700-800 prostituta daude Nafarroako Foru Komunitatean.
Arazoari ahalik eta lasterren aurre egiteko borondatea azaldu zuen gobernuak atzoko osoko bilkuran. Remirezek aipatu zuenez, gainera, errealitate hori bizi duten emakumeen egoera «izugarri» zaildu da pandemiaren eraginez. Halaber, presidenteordeak beharrezkotzat jo du gaiaren inguruko eztabaida bati ekitea.
Gogora ekarri zuen itxialdian Nafarroako Gobernuak zenbait baliabide jarri zituela prostituzioari kontra egiteko, eta ekainean etxebizitza bat prestatu zutela prostituzioaren biktima ziren emakumeentzat. Iragarri zuen aurki beste bat ere izanen dela erabilgarri, asmo bererako.
Nafarroako Gobernuak plan bat sortuko du prostituzioa deuseztatzeko
Remirez presidenteordeak parlamentuan nabarmendu duenez, «handitu» egingo dituzte «sexu esplotazioaren kontra egiteko ahaleginak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu