Nafarroako Gobernuak Parlamentura bideratu du Foru Hobekuntza eraberritzeko erabakia, trafikoa bere gain hartzeko

Aurreikusten da hilaren 23an eztabaidatuko dela erreforma. Testu hori gehiengo osoz atera beharko da aurrera, eta handik Espainiako Gobernuaren esku geratuko da.

Foruzainen errepide kontrol bat, Azkoienen. JESUS DIGES / EFE
Foruzainen errepide kontrol bat, Azkoienen. JESUS DIGES / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 15a
14:25
Entzun

Nafarroako Gobernuak adostu du lurralde horretako parlamentura bideratzea Foru Hobekuntza eraberritzeko erabakia; aldaketa horren helburua izanik trafikoa Nafarroaren berezko eskumen gisa jasotzea. Transferentziaren akordioa trabatuta egon da urte luzez, baina, azkenean hitzartu zen, eta, joan den urteko uztailaren 1ean indarrean sartu bazen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen otsailean, Jucil guardia zibilen elkarteak jarritako helegite batengatik. Epai horri aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Foru Hobekuntzan aldaketa hori txertatzea, eta, behin Madrilekin akordioa lortuta, hori aurrera atera nahi dute orain.  

Aurreikusten da hilaren 23an eztabaidatuko dela erreforma. Testu hori gehiengo osoz atera beharko da aurrera, eta handik Espainiako Gobernuaren esku geratuko da. Ministroen Kontseiluak onetsi beharko du, eta Espainiako Gorteetara pasatuko da gero: Kongresutik eta Senatutik.

Guztia burututa, trafiko eskumena itzultzeko prozesua aktibatuko da berriz. Gorenak baliogabetu duen hori, hain zuzen.

Herenegun egin zen eledunen batzordearen ostean alderdiek beren jarreraren zenbait argibide eman zituzten. UPNk alde bozkatuko du, baina zehaztasun batzuekin. Izan ere, beraiek eta PPk aldaketa ontzat ematen badute ere, uste dute Foruzaingoak Guardia Zibilarekin batera zaindu behar dituela errepideak. PSNko Ramon Alzorrizek, berriz, goraipatu zuen Foru Hobekuntzaren aldaketa Iruñeko eta Madrilgo gobernuen arteko akordioaren emaitza izatea. Geroa Baiko Pablo Azkonak ere aldaketa babestu zuen, eta kezkatuta agertu zen eskuineko alderdien jarrerarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.