Nafarroako Gobernuak onartu du zenbait medikuk bidegabeki jardun dutela publikoan eta pribatuan

LAB sindikatuak aurkeztutako salaketak berretsi dituzte Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak. Bidegabeki jasotako 70.000 euro itzuli dituzte bi sendagilek.

Imanol Karrera LAB
Imanol Karrera, LABeko Nafarroako bozeramailea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko otsailaren 8a
12:00
Entzun

Nafarroan, Osasunbideko medikuek soldata osagarri bat jasotzen dute sare publikoan soilik jarduteagatik. Klinika pribatu batean lan egin nahi izanez gero, baimena eskatu behar dute, eta osagarriari uko egin. Ardura postuak dituzten sendagileen kasuan, araudia are zorrotzagoa da. Eta, hala ere, bada bi tokietan, publikoan eta pribatuan, aldi berean lan egin duenik. LABek salatu zuen duela urtebete, eta salaketa horiek «berretsi eta onartu» dituzte orain Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendaritza nagusiak eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak. Sindikatuak eman du ikerketa horien berri.

LABeko Imanol Karrerak azaldu duenez, 11 salaketa aurkeztu zituzten, kasu horietan «esklusibotasuna gaizki erabili» zelako: «Salaketa guztietan konfirmatu da Osasunbidean kontrol falta eta utzikeria egon dela, eta jardunbide desegokiak izan direla». Irregulartasun horiek 11 salaketetatik zazpitan antzeman ditu Funtzio Publikoko zuzendaritza nagusiak. Gainerako lau kasuak ez dituzte aztertu, fakultatibo horiek jada ez direlako lanean ari Nafarroako administrazio publikoan. «Hala ere, egiaztatu da haietako bakar bati ere ez zitzaiola baimenik eman eginkizun publikoak eta jarduera pribatua bateratzeko», azaldu du Karrerak. LABeko bozeramailearen esanetan, jokabide hori «falta oso larri gisa» tipifikatuta dago Nafarroako administrazio publikoetako langileen estatutuan, eta langile horiek «zerbitzutik kanporatu» ditzake Osasunbideak.

Funtzio Publikoaren ebazpena alde batera utzita, Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak ere «egiazkotasun zantzuak» ikusi ditu LABen salaketetan. Iazko maiatzean, ikerketa abiatu zuen, eta, orain, prozesua sei hilabetez luzatzea erabaki du, «gertakariak eta horien ondorioak sakon ikertzeko».

70.000 euro Osasunbideari

LABek salatutako «praxi txarrak» askotarikoak dira: batzuetan, sendagileek bidegabeki jaso zuten esklusibotasunagatiko soldata osagarria; beste batzuetan, berriz, saria kobratu ez, baina araua urratu zuten, Osasunbideko buruzagientzat derrigorrezkoa baita jardun esklusiboa eta, hortaz, debekatua baitute klinika pribatuetan aritzea. Kasu batzuetan zein besteetan, LABentzat argi dago «Osasunbideak ez duela horren gaineko kontrolik egiten, eta ez duela bere eginkizuna betetzen».

Horren adibidetzat jo dituzte bi kasu: batean, profesional batek lau urtez kobratu zuen esklusibotasun osagarria, eta, aldi berean, klinika pribatu batean lan egin zuen. LABek salaketa egin ostean, sendagile horrek erabaki zuen bere egoera erregularizatzea, eta itzuli egin zituen denbora horretan jasotako 33.854 euro. Ez da bakarra: beste profesional batek ere itzuli egin ditu 2019ko apiriletik 2023ko martxora bitartean bidegabeki jasotako 38.530 euro, baina adierazi du esklusibotasun osagarria «osorik» ordaindu ziotela «esklusibotasun erregimenean alta emateko eskaera egin gabe ere». Aurretik ere ordaindu zioten sari hori —2016 urteaz geroztik—, baina kobrantza horiek preskribatutzat jo dituzte, eta langileak ez du horiek itzultzeko beharrik. «Bi kasu horietan, ez zatekeen egoera zuzenduko LABek salaketa publikoa egin izan ez balu», esan du Karrerak: «Oraingoz, 70.000 euro baino gehiago berreskuratu ditugu Nafarroako osasungintza publikoarentzat». Hala ere, LABeko bozeramaileak uste du kontrol eta fiskalizatze lan hori egitea ez dagokiola sindikatu bati, «Osasunbideari baizik».

Bestalde, zerbitzuburu eta zuzendariei dagokienez, beste irregulartasun mota bat antzeman dute bai Funtzio Publikoko zuzendaritzak, bai Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak: langile horiei buru edo arduradun funtzioak ematea, baina kargua ofizialki aitortu gabe. «Izendapen ofizialik ez dagoenez, buruzagitza lanak egiteagatik 500 euro baino gehiago kobratzen dituzte hilean, eta, legearen arabera ez direnez zerbitzuburu edo arduradunak, ezin zaie eragotzi sektore pribatuan jardutea», salatu du Karrerak. Haren esanetan, Osasunbideak «bazekien» hori gertatzen zela, eta hala ere, ez du deus egin: «Are gehiago, klinika pribatuetan jarduera aski ezaguna egiten zuten bi pertsonari ardura postu bana eman zieten, eta zenbait urtez negozio pribatuekin uztartu zituzten buruzagitza horiek, debekatua zuten arren».

Horregatik, LABek uste du orain arte salatutakoak ez direla «kasu bakanak», eta Osasunbideak «ingeniaritza lan konplexu bat» egin duela «Nafarroako Parlamentuak onartutako legeari izkin egiteko». Nafarroako Gobernuari exijitu dio «bere gain har dezala dagokion erantzukizuna», eta behar diren neurriak har ditzala «Osasunbidean gertatzen ari den eskandaluari amaiera emateko».

Esklusibotasuna jomugan

Nafarroan, 1992. urtean erabaki zuten Osasunbideko sendagileei esklusibotasun klausula bat ezartzea eta horren truke soldata osagarri bat ematea. Diru hori ez da huskeria bat, gainera: medikuen oinarrizko soldataren %45-55 artekoa izan daiteke; 800 eta 1.000 euro arteko saria, kasuan-kasuan. Ordutik, sistema publikoan bakarrik egin dezakete lan, edo soldata osagarri horri uko egin —oso gutxi dira aukera hori hobetsi duten profesionalak—.

Hainbat sindikatuk eta Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak behin baino gehiagotan azaldu dutenez, esklusibotasun hori beharrezkoa da praxi txarrak eragozteko: adibidez, pazienteak sistema publikoan artatu eta gero sare pribatuetara bideratzea, edo klinika pribatua ordaintzen zuten pazienteei lehentasuna ematea kontsulta publikoan.

Iazko urtarrilean, grebarako deialdia egin zuen MSN Nafarroako Sindikatu Medikoak, eta, hain zuzen, mahai gainean jarritako baldintzetako bat izan zen klausula hori kentzea: alegia, sare publikoan eta pribatuan nahieran jardun ahal izatea, baina soldata osagarriari uko egin gabe. Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu puntu hori, baina hilean 400 euroko soldata igoera eskaini zien medikuei.

Horri buruz, LABek esan du MSNren aldarrikapenek bat egiten dutela Voxek, UPNk eta Nafarroako Medikuen Elkargoak orain arte agertutako jarrerekin. «Interes korporatibo eta politikoak» izatea egotzi dio sindikatu horri: «Eragile erreakzionario eta eskuin muturreko horiek behin eta berriz exijitu dute publikoki esklusibotasuna ken dadila, gertatutakoa beren mesederako eta negozio pribatuen interes ekonomikorako aprobetxatu nahian». Interes horiek osasun sistema publikoa «aterabiderik gabeko egoera batera» daramatela gaineratu du Karrerak, eta, horregatik, gobernuari galdegin dio ez diezaiola aitortu Sindikatu Medikoari «inongo pribilegiorik edo beto eskubiderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.