Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarriko ditu lurralde osoan

Txibite lehendakariak adierazi du «funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea» dela helburua. Edukierak gehiago murriztuko dituzte, tabernek 22:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu.

Txibite, artxiboko argazki batean. JESUS DIGES / EFE
2020ko urriaren 11
12:37
Entzun

Nafarroako datuek okerrera egin dute azken asteetan, eta Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarriko ditu lurralde osoan birusaren hedatzeari aurre egiteko. Urriaren 13an jarriko dituzte indarrean, gauerdian. Maria Txibite lehendakariak, goizean egindako agerraldi batean, adierazi du egoera «txarra» dela, eta, hamabost egunen buruan intzidentzia gutxitzen ez bada neurri zorrotzagoak hartuko dituztela.

Txibiteren esanetan, kutsatze foku nagusiak «eremu pribatuan eta aisialdian» gertatzen dira, eta esparru horretan eragingo dute zuzenean gaur azaldu dituen neurriak. Ostalaritzan, edukiera %30era jaitsiko dute; terrazetan, %50era; eta tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute. Merkataritza gune handietan, gehienezko edukiera %40koa izango da, eta zinema areto, antzoki eta kulturguneetan, %30ekoa. Elkarte gastronomikoak itxi egingo dituzte, eta ezingo da alkoholik saldu 22:00etatik aurrera. Udalek eskumena izango dute neurri murriztaileagoak ezartzeko.

Izan ere, kezkatzekoa da Nafarroako egoera, okerrera egin baitu azken asteetan. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatu zuten atzo: 463. Horrekin batera, positibo tasak ere bigarren olatuko ehuneko makurrena izan zuen, alde handiz: egindako proben %17,9k eman zuten positibo. Nafarroako Gobernuak ezarritako helburutik urrun dago tasa hori, eta kontuan hartzekoa da OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean jarria duela gehienezko tasa.

Gaur datuak pixka bat apaldu diren arren, kopuruak larriak dira oraindik. Azken orduetan, beste 427 positibo detektatu dituzte, eta COVID-19a zuten lau pertsona hil dira. Positibo tasa %14 da.

Kasuen ugaritzeak ezinegona eragin du, eta Txibite lehendakariak herritarrei errepikatu die harreman sozialak gutxitzeko eta joan-etorriak «ahal den gehien murrizteko», nahiz eta debekurik ez duten ezarri oraingoz. Are, herritarrei «ia erabat autokonfinatzeko» eskatu zien Carlos Artundo Osasun zuzendariak. Atzotik, gainera, neurri murriztaile gehiago ezarri dituzte Erriberako zazpi herritan: Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon, Cintruenigo eta Fustiñanan. Cadreitan dute intzidentzia tasarik handiena —100.000 biztanleko 2.698 kasu—, eta, hain justu, gaur baheketa berezi bat egingo dute han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.