Nafarroako Gobernuak «motibazio politikoko biktima» gisa aitortu ditu Miguel Iturbide, Felix Jimenez eta Ibai Azkona

Guardia Zibilak tiroz hil zuen Miguel Iturbide, 1967an; Felix Jimenezek eta Ibai Azkonak Espainiako Poliziaren torturak sufritu zituzten, Jimenezek 1978an eta Azkonak 2008an. Balorazio batzordeak 36 aitortza egin ditu oraingoz.

Tortura salatzeko Nafarroako Parlamentuko atarian eginiko protesta bat. JESUS DIGES / EFE.
Tortura salatzeko Nafarroako Parlamentuko atarian eginiko protesta bat. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz - Iosu Alberdi
2024ko irailaren 13a
10:15
Entzun

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak «indarkeria politikoaren biktima» gisa aitortu ditu beste hiru pertsona: Miguel Iturbide, Felix Jimenez eta Ibai Azkona. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeria sufritu dutenei aitortza eta ordaina emateko xedez onartutako 19/2019 foru legeari jarraikiz egin du urrats hori gobernuak. Bi eragileek osatutako Memoria Inklusiboa Nafarroarentzat dinamikak erabakia txalotu du, eta gogorarazi hiru lagun horiek «estatu indarkeriaren biktima» izan zirela, eta «giza eskubideen urraketa larriak» jasan zituztela: «Aitortza hauekin beste urrats bat ematen da gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela inoiz gehiago ez errepikatzea bermatuz».

Guardia Zibilak tiroz erail zuen Miguel Iturbide, 1967. urteko irailaren 11n. Zugarramurdin izan zen, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugatik gertu, gazteak 16 urte zituela. Hilketa justifikatzeko, ETAko kidea zela esan zuen Guardia Zibilak, eta arma bat jarri zioten eskuetan. Euskal Memoriak jasotakoaren arabera, bizilagunek ukatu egin zuten Iturbe ETAko kide zenik, eta bigarren ohar baten bidez, ihesean zebilen kontrabandista bat zela ere adierazi zuen Guardia Zibilak. Egiari Zorrek eta Nafarroako Torturatuen Sareak gogoratu dute auzia artxibatu egin zela, eta erantzuleak ez zituztela inoiz zigortu.

Felix Jimenez bitan atxilotu zuen Espainiako Poliziak: 1978an lehenengoz eta 1982an bigarrenez. Lehen aldian, komisariara joan zen Jimenez, LKIren egoitzaren aurkako eraso bat salatzera, eta orduantxe atxiki zuten. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuten, eta atxiloaldian sudurra hautsi zioten. Bietan, torturak salatu zituen Jimenezek, eta bigarren kasuan, epaiketara iritsi zen auzia: epaileak arrazoia eman zion Jimenezi.

Denboran gertuago dago Ibai Azkonaren kasua. Hura 2008an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Grande-Marlaskaren aginduz; egun Espainiako Barne Ministro dena Auzitegi Nazionaleko epaile zen orduan. Zehazki, Segi gazte antolakundearen kontrako operazio batean atxilotu zuten, eta zortzi hilabete egin zituen behin-behinean preso. Inkomunikazio aldian, tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. Gazteak tortura horiek salatu zituen bai Madrilgo epailearen aurrean, baita Iruñeko epaitegian ere. Hala ere, salaketa artxibatu egin zen. Azkona eta beste bederatzi gazte epaitu zituzten auzi harengatik, eta denak absolbitu.

Ohar batean, Nafarroako Torturatuen Sareak gogorarazi du hiru aitortza horiek «jarraipena» ematen diotela «Espainiako Estatuak Nafarroan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari». Orain arte, 36 biktima aintzatetsi dituzte. «Positibotzat jotzen dugu, estatuko biktimen aitortza ofizialak berekin baitakar urte luzez jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio bidean jartzea». Izan ere, «ezinbestekotzat» jo dute biktima guztien aitortza «diskriminaziorik eta asimetriarik gabe» egitea, eta hori posible egingo duen «bizikidetza esparru baten oinarriak» ezartzea.

Udaberritik honakoak

Nafarroako Gobernuak 2022an jarri zuen martxan Poliziaren eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordea, 2023 hasieran lau urte eta erdiko epea ireki zuen motibazio politikoko biktimek aitortzarako eskaerak egiteko. Kasu bakoitzaren prozedurak urtebete baino gehiago iraun dezake. Tramiterako onartu behar dute lehenik, eta behin onartuta, urrats sorta bati ekin. Hizlari bat, auzitegi medikuntzako aditu bat eta psikologiako beste bat izendatzen dira, eta horiek aztertzen dute kasua, biktima edo haren senideak elkarrizketatu, eta, amaieran, proposamen bat helarazi batzordeari.

Eskaerak jaso ahala, horiek aztertzeari ekin zion batzordeak, eta urtarril honetan Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak azaldu zuen udaberrirako ekingo ziola hark lehen ebazpenak aurkezteari. Hala izan zen, eta apirilean lehen hamabi biktimak aitortu zituen. Horien artean ziren Guardia Zibilak hildako Mikel Zabalza eta Mikel Arregi. Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten, eta Intxaurrondon (Donostia) torturak jasan ostean, Bidasoa ibaian agertu zen haren gorpua. Arregi, berriz, 1979ko azaroaren 11ko gauean tirokatu zuten, beste lau lagunekin Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zela. Horiekin batera biktima gisa aitortu ziren, besteak beste, torturak jasandako lau lagun eta 1978ko sanferminetan Polizia armatuak su armekin larri zauritutako beste hiru.

Ordutik, beste 24 aitortza ere egin ditu. Hala nola, Angel Berrueta eta haren familiari aitortza egin zien Nafarroako Gobernuak ekainean. Berrueta 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen testuinguruan erail zuen Espainiako polizia batek —Valeriano de la Peñak— eta haren seme Miguel Josek. Berruetak uko egin zion ETA ez zioen kartela jartzeko Maria Pilar Rubioren exijentziari eta handik gutxira, senarra eta semea okindegia sartu eta tiroka zein labankada hil zuten Berrueta. 

Egun batzuk lehenago, Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi zuen beste hemeretzi laguni ere egin zietela aitortza. Horien artean zeuden Garbiñe Urra, Iker Moreno, Iker Aristu, Mikeldi Diez eta Oihan Ataun. Horiek guztiak torturatu egin zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu zituztenean, 2005etik 2011ra bitartean. Ataunen kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, hark salatutako torturak ez ikertzeagatik.

Halaber, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek garrantzitsutzat jo dute halako kasu gehiago aitortzea aurrerantzean, eta, horregatik, gogorarazi dute 2027ko uztailera arte aukera izanen dela aitortza eskaerak aurkezteko. Halako kasuak salatu eta aintzatespen ofiziala eskatzeko, helbide elektroniko hauetako batera idatzi behar da: [email protected] edo [email protected]. Telefonoz ere egin daiteke eskaera, 948 30 77 15 zenbakian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.