Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko beste hemeretzi biktima aitortu ditu; tartean, torturatuak

Torturatuen Sareak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak aitortutako biktimetatik gutxienez bostek torturak jasan zituzten. EH Bilduk uste du beste urrats bat dela torturaren erabilera «sistematikoa» salatu eta biktimei aitortza egiteko.

Nafarroako Torturatuen Sareak egindako elkarretaratzea, Iruñean, gaur goizean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Torturatuen Sareak egindako elkarretaratzea, Iruñean, gaur goizean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 18a
11:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko beste hemeretzi biktima aitortu ditu, Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez. Hala, jada 31 dira egindako aitortzak; apirilean egin zituzten lehen hamabiak. Biktimen artean, zenbait torturatu daude; gutxienez, bost.

Iruñeko Udala torturak aitortzearen inguruko mozio bat eztabaidatzen ari zen bitartean, udaletxe aurrean agerraldia egin du Nafarroako Torturatuen Sareak, erabakiaren berri emateko, eta jakinarazi du aitortza jaso dutenen artean daudela Garbiñe Urra, Iker Moreno, Iker Aristu, Mikeldi Diez eta Oihan Ataun. Horiek guztiak torturatu egin zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu zituztenean, 2005etik 2011ra bitartean.

Garbiñe Urra 2009an atxilotu zuten, Barañainen (Nafarroa), Segiren aurkako sarekada handi batean. Operazio hartan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 34 lagun atxilotu zituzten. Urrak torturak salatu zituen atxiloaldiaren ostean, eta horien ingurukoak 26/11 auziko epaiketan ere azaleratu ziren. Fiskaltzak berak zalantzan jarri zuen tortura salaketak ikertzeko auzitegiak egindako lana. Urraren kasua Inkomunikazioa eta tortura: Istanbulgo protokoloan oinarritutako analisia ikerketan aztertu zuten, eta haren salaketei sinesgarritasuna eman.

Iker Moreno Ekineko eta Askatasunako kideen aurkako operazio batean atxilotu zuten, 2011n, eta inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu zituen Fernando Grande-Marlaskaren aurrean; orduan, Auzitegi Nazionaleko epailea zen. Operazio berean atxilotu eta torturatu zuten Patxi Arratibel ere. Harena da atznugal mezu ezaguna —laguntza alderantziz—. Mikeldi Diezek, berriz, tratu txarrak, mehatxuak eta presioak salatu zituen. Hura 2005ean atxilotu zuten, Altsasun (Nafarroa), ETAko kide izatea leporatuta.

2008ko urrian atxilotu zuten Iker Aristu, Iruñean. Orduan ere, Grande-Marlaskak agindu zuen hura espetxeratzea, Alcalako kartzelan (Espainia), zenbait kale erasotan parte hartu zuelakoan eta Segiko kide zelakoan. Zazpi urte igaro ziren haren eta beste bederatzi lagunen epaiketa hasi arte; orduan, torturak jasan izana berretsi zuten hainbatek. Epaiketa hartan, akusatuen aulkian zen Oihan Ataun ere. Haren kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, hark salatutako torturak ez ikertzeagatik.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «oso positibotzat» jo du hemeretzi biktima horiei egindako aitortza, eta arreta berezia jarri du tortura kasuetan: «Urrats berri bat da: tortura egon zen, eta sistematikoa izan zen». Hark salatu du «politikari, komunikabide eta iritzi sortzaile nagusiak» hura ukatzen saiatu direla, «tortura salaketa oro estrategia politiko baten parte zela esanez», eta, ondorioz, birbiktimizazioa eraginez. Hala, horiei eskatu die «autokritika zintzo bat» egiteko, bizikidetza demokratikorako lagungarria izango delakoan. Bide beretik, EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko eledun Laura Aznalek adierazi du aurrerapauso bat dela «torturaren errealitatea» ikusarazteko eta biktimek «merezitako errekonozimendua» jasotzeko. «Egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatu ditu Aznalek.

Nafarroako Torturatuen Sareak, berriz, lurralde hartan torturak jasandako guztiak animatu ditu euren kasuak aurkeztera, aitortza ofizialek etenik izan ez dezaten. «Egia osoaren ezaguntzan eta haien erreparazioan aurrera egiten jarrai dezagun». Sarearen arabera, euskal gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor zaie gertatutakoa argitzea, «hori baita praktika hori desagerrarazteko modurik eraginkorrena». Izan ere, gogoratu dute torturarena azken sei hamarkadetako «errealitate gordina» izan dela, besteak beste, Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketak azaleratu duten moduan; ondorioztatu zuen 1960tik hona Nafarroan 1.083 tortura kasu izan direla. Era berean, baieztatu zuen halako kasuak «duela gutxi arte betikotu» zirela, eta zigorgabetasuna gailendu dela. 

Eskubideak bermatzeko

Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak aurreko urtearen hasieran ireki zuen lau urte eta erdiko epea motibazio politikoko biktimek aitortzarako eskaerak egiteko, eta apirilerako jakinarazi zuten 60 espediente aztertu zituela batzordeak. Hain zuzen, urte hasieran jakinarazi zuen Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak udaberrian iritsiko zirela lehen aitortzak, eta apirilaren 18a izan zen lehen hamabi kasuak ezagutarazteko eguna. Horien artean ziren Mikel Zabalza eta Mikel Arregi. Orduan, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak adierazi zuen horiek baliagarriak izango direla egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko «eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktimei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.