Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko 41 biktima onartu ditu dagoeneko

Martin Zabalza Bake eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak aurkeztu du 2024ko txostena, Nafarroako Parlamentuko Memoria eta Bizikidetza batzordean. Ekitaldia egingo dute otsailaren 13an, Baluarten.

Nafarroako Memoria eta Bizikidetza batzordeko bilera bat, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Memoria eta Bizikidetza batzordeko bilera bat, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urtarrilaren 28a
13:00
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Aitortza eta Erreparazio Batzordeak motibazio politikoko biktimak aitortzeko lanean segitzen du, eta 41 aitortu dituzte dagoeneko, tartean torturatuak. Martin Zabalza batzordeko presidenteak aurkeztu du gaur txostena, Nafarroako Memoria eta Bizikidetza Batzordean, eta iragarri du ekitaldi bat egingo dutela otsailaren 13an, Baluarten. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria izango da ekitaldiko burua. Aitortu dituzten 41 biktimak eta beren hurbilekoak ere bertan izango dira. Gisa honetako bigarren ekitaldia da. 

Joxe Arregi inkomunikatuta egon zen bederatzi egunez, Guardia Zibilaren mende, eta, gero, torturen ondorioz hil zen, 1981eko otsailaren 13an. Harrezkeroztik, egun hori torturaren kontrako eguna da Euskal Herrian, eta Nafarroako Gobernuak data hori aukeratu du ekitaldia egiteko.

2019ko foru legean oinarrituta, eskuin muturrak eta funtzionario publikoek arrazoi politikoengatik eragindako biktimen kasuak aztertzen ari da batzordea, eta, hala badagokio, aitortza ofiziala ematen die biktimei. Gaur aurkeztu duten txostenaren arabera, 41 kasu onartu ditu, bost ez ditu tramiterako onartu eta beste bat atzera bota du aztertu ostean.

Aztertutako sei kasutan, hil egin zituzten biktimak. Konfidentzialtasuna gorde nahirik, Nafarroako Gobernuak ez ditu haien identitateak plazaratu, baina horietako lau publiko egin dira gerora: Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzi izandakoa; Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotua eta Intxaurrondon torturatu eta hila; Angel Berrueta 2003ko martxoaren 11ko atentatuen ondotik Espainiako polizia batek eraila; Jose Luis Cano oreretarra, 1977an amnistiaren aldeko manifestazio batean Polizia Armatuak eraila.

Gainerako 35 kasuetan kalte fisiko eta psikikoak jasan dituztela aitortu dute. Haietako hamaseik torturak jasan zituzten, txostenaren arabera. Beste bi biktimek kalte fisiko eta materialak jasan zituzten; beste seik, kalte psikologikoak; eta beste 11k, kalte fisikoak, poliziek istiluen kontrako materialak, suzko armak edo bestelako indarkeria formak erabili zituztelako haien kontra. Txosten horretan aitortu dituztenen %83 gizonezkoak dira, eta zazpi emakume daude.

Epealdiari dagokionean, %36k 1960 eta 1970 artean jasan zuten salatutako indarkeria; %27k 1980 eta 1990 artean; eta gainerako %37ek 2000. urtetik aurrera.

Kasu gehienetan, funtzionario publikoek eta estatuko segurtasun indarrek eragin zizkieten kalteak, baina badaude eskuin muturrak bere gain hartutako zenbait kasu ere.

Beste 78 kasu aztertzen

Aitortza eta Erreparazio batzordeak beste 78 espediente ditu esku artean, tramitazioaren askotariko fasetan. 2027ra arte arituko da lanean, eta barne hartu nahi du 1950etik aurrera eskuin muturrak eta funtzionario publikoek arrazoi politikoengatik jasanarazitako indarkeria.

Espedienteak onartu ala ez ebazten duen batzordea honakoek osatzen dute: Memoria eta Bizikidetzako zuzendariak, Martin Zabalzak; Nafarroako Memoria Institutuko zuzendariak, Martin Gastonek; eta Nafarroako auzitegi medikuen institutuak izendatutako bi auzitegi medikuk eta biktimen alorrean esperientzia duen psikologo batek. Akademian zaildutako beste lau aditu ere izango dira batzordean.

Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, «biktima guztien aitortzarako apustu integrala da» egindakoa. Aurrekontuekin hornitua dago, erreparaziorako sail bat jaso baita 2025erako aurrekontuetan. Gainera, hezkuntzarako eta bizikidetza planetarako diru saila ere jasotzen du. Zabalzak jakinarazi duenez, 1.243.000 euroko kalte ordaina adostu dute onartutako 41 kasu horientzat.

«Batzordearen lanaren bidez, negazionismo aro historiko bat gainditu da, giza eskubideen nazioarteko arauak nabarmen urratzen zituena».

MARTIN ZABALZAMemoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia

Batzordean egiten ari diren bidea izan du hizpide Zabalzak. Batetik, esan du biktimen aitortza dutela helburu, baina ez dituztela «biktimarioak identifikatuko». Bestetik, gehitu du orain arteko lanak bidea ireki duela erakundeetan «negazionismo aro historiko bat» gainditzeko, «giza eskubideen nazioarteko arauak nabarmen urratzen» baitzituen.

Legebiltzarrean txostena aurkeztu ostean, alderdien txanda izan da. UPNko Marta Alvarezek «gardentasuna» eskatu du. Inma Jurio, PSNkoak, berriz, batzordearen profesionaltasuna goratu du. EH Bilduko Arantxa Izurdiagak batzordearen lanaren garrantzia azpimarratu du, eta urratsak egiten segitzeko eskatu du «urte askoan isilduak, ukatuak, ahaztuak, jazarriak eta giza eskubideen urraketa larriak salatzeagatik kriminalizatuak izan diren pertsonak baitira gaur batzordeak biktima gisa aitortutakoak».

Mikel Asiain Geroa Baikoak gogoratu du bizikidetza jorratzeko mahai bat martxan jartzen hasi zirela Uxue Barkosen gobernuan, eta aurrekontuak eman zitzaizkiola, ordura arte ez bezala. PPko Irene Royok ETAren gaitzespena izan du hizpide: «Hipokrita deritzogu erreparazio batzuetan fokua jartzea eta ez aintzat hartzea Nafarroan egon den indarkeriarik handiena terrorismoarena izan dela». Eta Carlos Guzman Contigo-Zurekinekoak txalotu egin du erakundeek motibazio politikoko biktimak aitortzea, «urte askoan eremu pribatuan, elkarteetan eta familia eremuan baino ez baitziren aitortzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.