Nafarroako Gobernuak merezimenduen dekretua onartu du

Euskalgintzak kritika egin izan dio dekretuari. Orain arte bezala, eremu ez-euskalduneko lan deialdietan euskara ez dute baloratuko.

Nafarroako zonifikazioaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. FOKU
Zonifikazioaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 6a
12:41
Entzun

Nafarroako Gobernuak gaur goizean onartu du merezimenduen dekretua, Nafarroako Kontseiluak balekoa eman ostean. Hartan, besteak beste, administrazioko lan deialdi publikoetan euskarak meritu gisa izan beharreko lekua arautu dute. Gobernuaren esanetan, arauaren irizpide orokorra zera da: euskararen eta «Europako Batasuneko lanerako gainerako hizkuntzak», hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitearen baremazioa oposizio lehiaketen deialdi bakoitzean zehaztuko dutela, «lanpostu bakoitzaren beharrak aurrez aztertu ostean». Euskalgintzak eta zenbait eragile politiko eta sozialek ez dute begi onez ikusten dekretua: salatu izan dute euskara ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik jarriko dutela. Euskararen Nafar Kontseiluak ere dekretuaren kontra egin zuen; irailean egin zuten bozketan, aldeko boto bakarra jaso zuen (PSNrena), sei abstentzio, eta kontrako hamabi boto. Ez zen lehenengo aldia izan: ebazpen bertsua eman zuen 2022an ere.

Zenbait urte egin behar da atzera auzia ulertu ahal izateko. 2017an euskararen dekretua onartu zuten, baina 2019ko epai batek baliorik gabe utzi zituen zenbait artikulu, tartean merezimenduei buruzkoa. Zenbait urtez eztabaidan aritu ostean —dekretuak tirabirak eragin ditu PSN eta Geroa Bai gobernukideen artean ere—, gaur onartu dute hura ordezkatzeko araubidea.

Euskara, batzuetan meritu eta besteetan ez

Nafarroako Gobernuak ohar bidez azaldu duenez, dekretu berriarekin, ez da aurrez ezarrita egongo zer hizkuntza baloratu behar diren. Euskarari dagokionez, bide emango du eremu mistoan ere euskara meritu gisa baloratzeko —orain arte, eremu euskaldunean soilik egiten zen—, baina ez dute modu orokorrean egingo: «Lanpostuarekin eta haren ezaugarri zehatzekin zerikusia dutenean egingo da, eta deialdi bakoitzean balorazio indibidualizatua egingo da». Nafarroako Kontseiluaren esanetan, «proportzionaltasun eta arrazionaltasun» irizpideak betetzen ditu euskara lanpostuaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean soilik baloratzeak. Dekretuaren arabera, kasuan-kasuan egingo dute azterketa, eta kontuan hartuko dute jendaurrean arituko diren ala ez.

Eremu ez-euskaldunean, berriz, ez dago aldaketarik: euskara ez dute meritu gisa ere kontuan hartuko lan deialdi publikoetan.

Dekretuak hainbat kasuistika jasotzen ditu. Esaterako, lan deialdi batean merituak asko jota puntuazio osoaren %30 izango direla. Ehuneko horren barruan, gehienez ere —C1 maila daukatela frogatzen badute— euskarak %11 balioko du eremu euskaldunean, eta %7 eremu mistoan.

Dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatzen dutenean sartuko da indarrean; beraz, oraindik deitu gabeko lan deialdi publikoetan aplikatu ahalko da. Edonola ere, ez die deialdi guztiei eragingo: soilik administrazio barruko lekualdatze prozesuei, mailaz igotzeko azterketei eta oposizio lehiaketen bidez ebatzitako deialdiei —batez ere, Osasunbidekoei—.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.