Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak adierazi du oroimena eraikitzea beharrezkoa dela, eta memoria historikoan hiru gune horiek txertatzeak prozesu horretan lagunduko duela. Memoria sustatzea helburu duen guneetako bat Larragako Memoriaren alde eskultura da, Larragako Memoriaren Parkearen erdigunean dagoena. Memoria Historikoaren Defentsarako Larragako Elkarteak sustatutako guneak batez ere Maravillas ekartzen du gogora, bortxatua eta eraila izen zen 14 urteko gaztea. 2012an eraikitako eskultura memoria historikoaren guneetara gehitu dute, eta 1936ko uztaileko estatu kolpean bultzatutako garbiketa politikoa gogora ekarri.
1936an Emilio Mola jeneralaren agindupean atxilotutakoen kopuru totala ez da zehatza, baina, kalkuluen arabera, 15.000 eta 20.000 pertsona artean egon ziren gatibu. Atxiloketa guneetan egon ziren presoen omenez, Iruñeko Udalak emandako eremu batean oroigarria jarriko dute. Memoria Historikoko gunea hiriko atxilotze gune nagusietatik gertu egonen da: Karlismoaren Gerra Batzordearen atxiloketa guneak Eskolapioen ikastetxean, eta Falangekoak Salestarren ikastetxean; zezen plazako eta Mesedetako komentuko kontzentrazio esparruak; eta udal gordetegia edo txakurtegia. Gainera, leku horretatik Ezkabako gotorlekua ikus daiteke. Oroimena topagunea hemendik aste batzuetara irekiko da, eta hobi komunen lurra edukiko duela adierazi du Ollo kontseilariak.
Kolpe militarraren ondorioz egondako atxilotuak eta eraildakoak omentzea: hori da hiru guneen helburua. Memoria historikoaren zerrendara gehitu duten azkeneko gunea Iruñean eraildako bizilagunak omentzeko plaka da, 2012an Iruñeko Udalak jarritakoa. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak sustatutako oroitarria Gaztelugibelean kokatuta dago, pertsona fusilatuen omenez. Oroitarriaren plakan hau irakur daiteke: Iruñeko Udalak eta Iruñea hiriak eskainia, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 iruindarren omenez.
Oraingoz oroimen historikoaren hogei gune daude Nafarroan. Ollok adierazi du memoria «etorkizuneko gaia» dela: «Egitasmo honekin, erakundeok biktimek merezi duten egiari, justiziari eta erreparazioari erantzuten diogu; horren eskubidea jasotzen dugu».