Ikasturte politikoaren hasiera

Nafarroako Gobernuak «beharrezko esperantzaz» ekin dio urte politikoari

Maria Txibitek nabarmendu duenez, Nafarroa «berreskuratze eta berraktibatze ekonomiko zein sozial betean» sartua dago.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite, gaurko agerraldian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 31
13:00
Entzun

Ohi bezala, Nafarroako Gobernuak irailaren atarian zabaldu dizkio ateak urte politiko berriari. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek prentsaurrekoa egin du irekiera ekitaldi gisan, eta hitzez zehaztu ditu gobernuak parez pare dituen hainbat asmo eta erronka. Aitortu du joandakoa «urte oso gogorra» izan dela, batik bat pandemiarengatik, baina irmoki adierazi du badela «baikor izateko arrazoirik». Haren hitzetan, «premiazkoa den esperantzaz begiratu behar da aurrera».

Izurriak korapilatu dituen sektoreen egoera hobetzea da Nafarroako Gobernuaren erronketako bat, Txibiteren arabera. Besteak beste, urratsak egin nahi dituzte lehen arretako zentroetan aurrez aurreko arta berreskuratzeko, itxaron zerrendak murrizteko, eta «aurretik ere baziren hutsuneak betetzeko»: profesionalek eskasiari kontra egiteko, adibidez. Halaber, osasun mentalari erreparatu beharra nabarmendu du Txibitek: «Izurritea erretiratutakoan bistan geldituko da pandemiak buru osasunean eragindako ajea».

Osasun arlorako bakarrik ez, esparru ekonomikorako eta sozialerako asmoak ere zehaztu ditu gobernuak. Esaterako, presidenteak azaldu du urtea bukatzerako eginak izanen direla Nafarroako trafiko eskuduntzen transferentziak. Gainera, datozen hilabeteetan jarriko dute martxan herrialdeko errepideen kudeaketaz arduratuko den Nafarbide enpresa publikoa, eta, bestalde, Txibitek jakinarazi du orain arte Nafarroan inoiz egin den Lan Eskaintza Publikorako deialdirik handiena eginen dutela, batik bat behin-behinekotasunari aurre egiteko.

Aurrekontu ekonomikoari dagokionez, Txibitek argitu du joan diren urteetan bezala jardungo dutela: «Talde politiko guztiekin izanen gara harremanetan». Negoziazio horiei dagokienez, UPNko presidente eta bozeramaile Javier Esparzak dagoeneko erantzuna eman dio Txibiteri, kritiko: «Inork ez du sinesten gobernuak guztiekin hitz egiteko asmoa duenik. Eskutik heldua du EH Bildu, eta EH Bilduren eskutan dira».

Aitortza herritarren ahaleginari

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, Maria Txibitek zenbait alditan eskaini dizkie esker oneko hitzak Nafarroako biztanleei. Besteak beste, azaldu du Nafarroak herritarrek egindako ahaleginari esker erdietsi duela pandemian aurrera egitea. «Mila esker erakutsitako arduragatik, denak elkarrekin ari gara gauzak lortzen», esan du herritarrei zuzenduta. Gazteetan ere jarri nahi izan du arreta: «Inork ez bezala sufritu dituzte izurritearen eraginak, eta oso eskertzekoa da, adibidez, txertatzeko ordenan haien txanda azkena izanik ere une oro erakutsi duten eskuzabaltasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.