Nafarroako Gobernuak irregulartasunak atzeman ditu Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako hondakinetan

EH Bilduren galdera bati erantzunez, Ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik esan du hondakin likidoak «oker» izendatuta daudela, LER 190812 kodearekin, eta Zubietako plantak ez duela baimenik gisa horretako hondakinak ekoizteko.

Jose Mari Aierdi. NAFARROAKO GOBERNUA.
Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 20a
18:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak baieztatu du: Zubietako erraustegitik hondakinak bidali dituzte Artaxoako (Nafarroa) Ecofert Sansoain SM enpresara, hor kudea ditzaten, eta hondakin horiek «kode okerra» dute: LER 190812. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak gaineratu du Zubietako plantan ez dutela baimenik kode horretako hondakinak ekoizteko. Hori dela eta, espedientea zabaldu du departamentuko Ingurumena Ikuskatzeko Atalak, hondakin horien «jatorria eta ezaugarriak» argitzeko. EH Bilduko eledun Adolfo Araizek Nafarroako Parlamentuan eginiko galdera bati erantzunez eman ditu datuok gobernuak.

Iragan urriaren 16an, GuraSOSek jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari direla Donostiako epaitegi batean, argitzeko bi delitu egin ote dituen: ingurumenaren aurkako delitu bat eta dokumentuen faltsutzea. GuraSOSek ekainean fiskaltzari aurkeztutako dokumentazioan du jatorria auziak. Hori ontzat emanda, salaketa jartzea erabaki zuen fiskaltzak. Asensioz gain, Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

Fiskaltzaren arabera, «Zubietako hondakinen balorizazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak» sortu ziren 2022an, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du baimentzen halakorik. Jarduera hori «ezkutatzeko», hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen, «modu kontzientean» eman ere. Hondakin horien parte bat Artaxoara bideratu zuen GHK-k, han Ecofert Sansoain enpresaren instalazioetan kudeatu zezaten. Enpresa hori, baina, nekazaritzako ongarrietarako konpost lanetan aritzen da, eta ez dauka baimenik hondakin arriskutsuak jasotzeko. Fiskaltzaren ustez, ingurumenaren aurkako delitu bat izan daiteke, «Zigor Kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua». Dokumentuen faltsutze delitua ere egon daiteke egitate horietan, haren iritziz.

Informazio horren argitara, galdera bat erregistratu zuen EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizek Nafarroako Parlamentuan, iragan azaroaren 13an. Zehazki, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari galdetu zion ea Nafarroako Gobernua jakitun ote zegoen Artaxoara «industriako hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» igortzen zirela. Eta Jose Maria Aierdi kontseilariak baiezkoa eman du: abenduaren 11n erregistratutako erantzunean dio departamentuak baieztatu ahal izan duela Artaxoan «hondakin likidoak» jasotzen ari direla Gipuzkoako Ingurumen Gunetik», eta hondakin ur horiek «era okerrean» kodifikatuta daudela, LER 190812 kodearekin. Aierdik gaineratu du kode horretako hondakinak ez daudela «gune horretan [Zubietako errauskailuan] ekoizteko baimena dutenen artean».

Kontseilariak ez du argitu hondakin horiek arriskutsuak ote diren, baina azaldu du espedientea zabaldu dutela Ingurumena Ikuskatzeko Atalean. Aierdik gehitu du, gainera, Guardia Zibilak ere informazioa eskatu ziola azaroaren 6an, Zubietatik Artaxoako enpresara «lixibiatuak igortzen» ari ote diren argitzeko. Ingurumen Saila otsailetik ari da Ecofert Sansoain enpresaren jarduna ikertzen.

GuraSOS: «Dokumentuen faltsutzea baieztatu dute»

Nafarroako Gobernuak emandako informazioa ikusita, GuraSOSek «frogatutzat» jo du GHK-k dokumentuak «faltsutu» zituela: «Artaxoako konpostatze plantara eramandako hondakinen benetako izaera ezkutatzen ari dira, enpresa horrek ez baitu baimenik errauskailu baten hondakinak jasotzeko». Plataformak «oso larritzat» jo du jokabide hori, baina kezkagarriago deritzo horrek «ingurumenean eta osasun publikoan izan dezakeen eraginari». Izan ere, Artaxoako plantara eramandako hondakinak «nekazaritzako ongarri bihurtzen dituzte, giza kontsumorako barazkiak eta bestelakoak ekoizteko».

Halaber, GuraSOSek uste du «harrigarria» dela Nafarroako Gobernuak peskizak abiatu izana, «Eusko Jaurlaritzak ezer egiten ez duen bitartean»: «Errauskailuak ez badu baimenik hondakin mota hori ekoizteko, nola liteke hondakin horiek beste erkidego batera eramatea eta Jaurlaritzak hori baimentzea? Benetako kontrolik al dute [errauskailuaren] jardueren gainean?».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.