Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Torturatuen Sarearekin, eta beste bat Egiari Zor fundazioarekin. Hitzarmenek helburu dute eskuin muturraren eta Poliziaren biktimei arta ematea, biktima gisa aitortzeko egin beharreko prozesuan.
Akordioaren helburua da eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek motibazio politikoekin egindako ekintzen biktimei aitortza eta erreparazioa emateko 16/2019 foru legea garatzea. Lege hark estatuaren biktimak ofizialki aitortuak izateko prozesua zehazten du, horiek biktima gisa aitortzeko eskaera prozesu bat ezarrita.
Hain zuzen, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak eta bi eragileek sinatutako hitzarmenetan jasotzen denez, Egiari Zorrek eta Nafarroako Torturatuen Sareak aholkularitza emango diete «motibazio politikoko biktima izaera aitortzeko» eskaera betetzeko eta aurkezteko prozesuan, eta haiek espedienteen tramitazioan izan ditzaketen «zalantzak argitzeko» lan egingo dute. Era berean, bi elkarteek laguntza eskainiko dute eskaerak egiteko beharrezko dokumentazioa biltzeko prozesuan: txosten medikoak, prozesu judizialak...
Horretarako, elkarte bakoitzari 15.000 euro emango dizkio Nafarroako Gobernuak. Hala adostu zuten Nafarroako aurrekontu orokorren inguruko negoziazioetan, eta hala dago ezarria Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritzari egokitutako diru sailean.
Nafarroako Gobernuaren izenean, hitzarmenak sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza kontseilari eta gobernuko bigarren presidenteordeak, eta Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzarako zuzendariak. Era berean, Torturatuen Sareko presidente Ainara Gorostiaga eta Egiari Zor fundazioko Elena Bartolome ere han izan dira.