Indarkeria matxista

Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko dio sanferminetako erasotzailearen zigor murrizketari

Hamabost urtetik hamalaura jaitsi dio kartzela zigorra Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Biktimak ere erabakiaren aurka egingo du; «penatuta eta urduri» agertu da.

2018ko ekaineko protesta bat, Iruñean, salatzeko bost bortxatzaileak baldintzapean aske geratu zirela. IDOIA ZABALETA / FOKU
2023ko irailaren 13a
16:52
Entzun

Nafarroako Gobernuak iragarri du helegitea jarriko duela atzo Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazitako erabakiari: 2016ko sanferminetako lehen gauean emakume gazte bat bortxatu zuten bost gizonetako bati zigorra murriztu dio, hamabost urtetik hamalaura, soilik baietz da baietz legea aplikatuta. Felix Taberna lehendakariorde eta Berdintasun kontseilariak adierazi du Nafarroako Berdintasun Institutua arduratuko dela helegitea aurkezteaz, eta lehen instantzian aurrera ateratzen ez bada Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea ere aztertuko dutela.

Bortxaketaren biktimak ere helegitea jarriko dio ebazpenari. Emakumea atsekabetuta dago zigor murrizketarekin, haren abokatuak jakinarazi duenez: «Penatuta, urduri eta nahigabetuta dago egoera honetara iritsi garelako soilik baietz da baietz legearen aplikazioarekin; bere garaian biktimen eskubideak indartu nahi izan ziren, eta uste du orain erasotzailearen eskubidea indartzen dela». Era berean, gogora ekarri du zigor murrizketaren aurkako boto partikularra eman zuen epaileak argudiatu zuela kondena ezin dela zehaztu «proportzionaltasun aritmetikoko irizpide soilei jarraiki», eta biktimaren abokatua bat etorri da: «Oso argi dugu hori».

Zuzendari berria Berdintasun Institutuan

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zuzendari berria izango duela iragarri du gobernuak: Patricia Abad izango da. Farmazia lizentziaduna da, eta berdintasunaren eta irakasleen trebakuntzaren arloetan ere badu formakuntza; izatez, Osasunbideko sexu eta ugalketa osasunerako zentroetan hezitzaile lan egindakoa da. Antsoaingo zinegotzi ere izan da 2015etik, Ezkerrarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.