Nafarroako Gobernuak txarretsi egin du Forestalia enpresak Nafarroako lurretan eraiki asmo duen goi tentsioko linea. Gobernuko bozeramaile Amparo Lopezek prentsaurrekoan azaldu duenez, errekerimendu bat aurkeztu du Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan, administrazioarekiko auzi prozesu bat hasi aurreko urrats gisa. Ministerioak proiektuaren aldeko ingurumen txostena egin du, baina Nafarroako Gobernuak uste du nahikoa argudio daudela txosten hori atzera botatzeko, baita proiektuari eman zaizkion baimen administratiboak bertan behera uzteko ere.
Forestaliaren proiektuan, 400 kilovolteko lau linea egitea aurreikusi dute, Aragoin (Espainia) ekoitzitako energia Bizkairaino eramateko. Zehazki, Gatikara. Han lotuko litzateke egitekoa den beste goi tentsioko kable batekin: argindarra Frantziara bidaltzeko itsas azpiko kablearen proiektuarekin.
Nafarroako Gobernuaren Ingurumen zuzendaritzak Forestaliaren egitasmoaren kontrako bi txosten argitaratu zituen, baina Espainiako Gobernuak proiektua onetsi du hala ere. Foru gobernuaren iritziz, proiektua ez da bateragarria zeharkatuko lituzkeen eremuetako ingurumen, paisaia, gizarte eta kultur balioekin. Nafarroako Gobernuak argudio formalak aurkeztu ditu, batetik. Azaldu duenez, Espainiako Administrazioak proiektua atalka zatitu izanak ezinezkoa egin du azpiegiturak ingurumenean izango lukeen eragina behar bezala neurtzea. Bestetik, ohartarazi du nabarmen kalte egingo liekeela babestutako zenbait espezieri, Natura 2000 sareko eremuen kontserbazio helburuei eta sare horren konektibitate eta koherentzia ekologikoari.
Lopezen esanetan, errekerimendua administrazioarekiko auzi bat abiatzeko lehen urratsa bada ere, foru gobernua prest dago Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko, eskatutako neurriak bide judizialari ekiteko beharrik gabe onar daitezen.
Goi tentsioko lineak Nafarroa zeharkatuko luke, eta 32 udaletatik igaroko litzateke. Ekialdetik mendebaldera, linea Zarrakaztelu iparraldetik sartuko litzateke, Tafalla mendebaldetik egingo luke Iruñerrira, eta handik Sakanako haranera, Altsasuraino. Gipuzkoako Goierritik eta Debabarrenetik iritsiko litzateke Bizkaira, eta Gatikan amaitu. Prooektuaren helburua da Zaragoza (Espainia) inguruko 30 instalazio eoliko inguruk ekoitzitako energia garraiatzea.