Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz CENen aurka salaketa jarriko

EH Bilduk proposatutako mozio batean eztabaidatu da maskaren auzian neurri judizialak hartzea enpresaburu elkartearen aurka, bi urtez patronalak uko egin diolako irtenbide bat bilatzeari eta presio egiteko asmoz

Adolfo Araizek aurkeztu du mozioa. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2022ko azaroaren 3a
14:37
Entzun

«Ez da garaia». Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak uste du bide judiziala ez dela oraingoz konponbide egokia, baina ez du baztertu etorkizunean pauso hori ematea. PSNko Inma Jurioren arabera, auzitara jotzea «konponbide txarrena» litzateke: «Auzia judizializatuz gero, orain biltegietan dauden maskarak galdu egingo lirateke, eta, orain, horiek merkaturatzea da lehentasuna».

Modu horretan, Nafarroako Gobernuko bi bazkide nagusiek —Geroa Baik eta PSNk— ezezkoa eman diote CEN enpresaburuen aurkako salaketa jartzeari. EH Bilduk aurkeztutako mozioak proposatzen zuenez, Parlamentuak dei egiten zion gobernuari Sodena sozietate publikoko administrazio kontseiluan dituen ordezkariek salaketa jartzera bultza dezaten enpresa. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak mozioaren alde bozkatu dute. Navarra Sumak, berriz, kontra bozkatu du; haren hitzetan, egoeraren erantzulea gobernua dela salatu du, eta argudiatu «beste errudunik» ez dela bilatu behar.

Eztabaidaren hasieran, Araizek gogora ekarri duenez, pandemiaren hasieran, maiatzaren 7an, Sodenak, CEN patronalak eta Albyn Medical SL enpresak enpresei maskarak hornitzeko akordioa hitzartu zuten. Patronalak egindako kalkuluen arabera, 2,14 milioi maskararen beharrean ziren Nafarroako konpainiak, baina, Albyn hornitzaileak eskari horri erantzuteko erosketa egin ostean, CENek soilik 389.950 erosi zizkion. Hots, egun, 1,8 milioi maskara daude biltegietan, eta haien iraungitze data datorren urteko martxoan amaituko da. Diferentzia horrek 1,8 milioi euroko kostua eragin dio Sodenari.

Gerora ikusi denez, akordioa sinatu eta bi hilabetera, Albyneko arduradunak ohartarazten hasi ziren maskarak merkaturatzeko arazo bat egon zitekeela. Sodenarentzat Garrigues aholkularitza etxeak egindako txosten batean ondorioztatzen denez, CEN maskara horiek erostera derrigortuta dago eta hori egin ezean zorra itzultzera behartzea judizialki.

CENen eskaera

Araizek nabarmendu duenez, hilabeteotan hainbat saiakera egin ditu Sodenak CENekin negoziatzeko, baina hark hainbat aldiz exijitu du 2020ko maiatzaren 7ko akordioa bertan behera uztea. Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Sodenako presidenteak irmo erantzun zuen eskaera hori onartezina dela, «marra gorria» gobernuarentzat.

CENek hilabeteotan, bere betebeharrei uko egin diela ikusirik eta negoziazioa kale itsu batera iritsi dela ikusita, uste du auzitara jotzea aukera bat izan daitekeela patronalari presio egiteko. «Auzitara jotzeak ez du zertan auzi bihurtu. Beste aukerak daude, baina honek ezin du horrela jarraitu. Aldeko txostenak izan arren, Sodena saiatu da akordioa lortzen eta ikusi dugu zein den CENen erantzuna».

Gobernuaren ikuspegi

Geroa Baiko Mikel Asiainen arabera, uneotan ez da premiazkoa oraindik auzitara jotzea, eta EH Bilduri gogorarazi dio egokiagoa dela pazientziaren estrategia «Judizialki erreklamatuz gero, akordiorako atea behin betiko ixten da». Asiainen arabera, «auzia nola hasten den gauza jakina da, baina ez haren emaitza, epaileek zer erabakiko duten ezin daitekeelako aurrez jakin».

Ainhoa Unzuren arabera, orain euren lehentasuna dute oraindik biltegietan dauden maskara guztiok saltzea. Salatu egin du Navarra Suma eta eskuin mediatikoa gaia erabiltzen ari direla «lokazteko».

Navarra Sumako Cristina Ibarrolaren arabera, «1,8 milioi euro galdu izanaren arduradun nagusia» Maria Txibite da, ez direlako gai izan maskara guztiok berriro saltzen eta konponbide bat bilatzen. Ibarrolaren arabera, maskara horiek Osasun Departamenduak bere gain har zitzakeen, baina, aldi berean, beste akordio bat izenpetu zen osasunerako hornitzaile bakar bihurtu den Efficold enpresarekin. Gaineratu duenez, CEN patronalari egoeraren ardura leporatuta, «errudunak bilatu nahian» dabiltza.

Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak «hitzez hitz» bat egin du mozioaren edukiarekin. «Auzitegietatik kanpo konponbide bat bilatzen bide luzea egin da, eta irudipena dugu CEN irtenbidea oztopatzen ari dela arazoa konpontzea galarazten duten eskaerak egin dituelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.