Nafarroan urtero 700 edo 800 abortu inguru egiten direla diote herrialdeko talde feministek, baina horietako 300 zenbatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Horietako bat bera ere ez da egiten ospitale publikoetan. Nafarroako Gobernuak dio sendagile bat bera ere ez dagoela prest abortuak egiteko, eta haien kontzientzia eragozpenaren argudioa erabiltzen dute interbentzioak ez egiteko. «Ez dugu sinesten ginekologorik prest ez dagoenik. Are gehiago, ezagutzen dugu abortuak egiteko prest den ginekologo bat baino gehiago, baina haiei ez zaie baliabide egokirik jartzen», esan du Andrea talde feministako Tere Saezek.
Nafarroako talde feministak eta zenbait alderdi politiko aspalditik ari dira eskatzen kontzientzia eragozpena argudiatzen duten sendagileen zerrenda osatzeko, baina UPNren gobernuak ez du ezer egin oraingoz, eta ez dirudi egiteko asmorik duenik ere. «Lotsagarria da, Nafarroako Gobernuak ez duelako legea betetzen. Erakunde publiko batek ez du legea betetzen! Eta badirudi hemen ez dela inor larritzen», dio Saezek.
Orain dela aste batzuk, Nafarroako Gobernuak legea betearazteko konpromisoa hartzea eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak. Ekimenak PSN, Nafarroa Bai eta IUren aldeko botoa izan zuen. «Baina UPNren Gobernuak esan zuen ez zuela legea bete behar. Alderdi politikoek plantoa egin behar dute parlamentuan».
Alderdi politikoak bakarrik ez, gizartea bera egoeraren erantzule egiten du Saezek. «Herritarrak lozorroan daudela ematen du». Horren atzean, Nafarroako eskuinaren estrategia ere badela uste du, abortua estigmatizatuta dagoelako gizartean. «Beldurra eta lotsa dago oraindik ere. abortua egin duenik ez du inork esaten kalean. Abortatu duen emakumea kriminal bat bezala ikusia dago oraindik ere».
ABORTATZERA, KANPORA. Saezek azaldu duenez, baliabide publikoak erabilita abortatzea ez da erraza Nafarroako emakume batentzat. Berez, ez da erraza ospitale publikoetan abortatzeko aukera duen edozein emakumerentzat, baina nafarrentzat are eta gogorragoa da. Izan ere, Nafarroako ospitale publikoetan ez da aborturik egiten, eta legezko kasuak betetzen direla frogatu eta gero, Nafarroa inguruko ospitaleetara bideratzen dituzte kasuak.
«Oso burugogorra izan behar da edo diru premia larria izan behar da egoera horretatik pasatzeko», nabarmendu du Saezek. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, urtean 60 kasu bideratzen dituzte herrialde inguruko ospitaleetara, han botoak egiteko. «Bide publikotik abortatzeko erabakia hartzen duen emakumeak burokrazia gogorra pasatu behar du; gainera, gertatu zaiona hainbat pertsonei kontatu behar die, onartua izan baino lehen».
Horretaz gain, kontuan hartu behar da azkenean bide publikotik abortua egitea ez dela doan irteten. «Nork abortatzen du berak bakarrik? Inork ez. Eta abortatzera doan emakumeari laguntzen dionak bidaia eta bestelako gastuak ordaindu behar ditu», salatu du Andrea talde feministako kideak.
Nafarroako Gobernuak ez du legea betetzen
Medikuen kontzientzia eragozpena argudiatuta, ospitale publikoetan ez dute aborturik egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu