Urrats txikiekin, baina aurrera. Nafarroako Gobernuak urrian onartu zituen departamentuetako euskara planak, eta horien arrimuan heldu da administrazioa euskalduntzeko eta herritarrei arreta elebiduna eskaintzeko ezinbestekoa den neurri bat: euskara eskakizuna lanpostu gehiagotan ezartzea. Gaur egun, 511tan ezinbesteko baldintza gisa jarria dago euskarazko C1 maila egiaztatzea, eta orain, Nafarroako Gobernuak proposatu du eskakizun hori beste 246 postutara zabaltzea. Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean egin dute proposamena, sindikatuek azter dezaten.
Euskara eskakizunena eztabaida iturri da Hego Euskal Herriko lurralde guztietan, baina Nafarroan, polemika bizia sortu izan da horren inguruan, eta PSN UPNrekin eta PPrekin lerratu izan da askotan. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari zen garaian, lanpostu elebidun horiek hutsaren hurrengoa ziren administrazio publikoan: Hezkuntza Departamentuko irakasleak kenduta, euskara eskakizuna zuten postuak %0,9 ziren. Departamentu batzuetan —Ekonomian edo Kulturan, esate baterako— ez zegoen euskara eskakizun zuen lanpostu bakar bat ere, eta beste batzuetan, langile euskaldun bakarra zegoen Nafarroa osorako.
Uxue Barkosen agintaldian hasi ziren urrats batzuk egiten egoera onbideratzeko, eta ordutik, tantaka handitu da jendaurrean lan egiten duten funtzionario elebidunen kopurua. Gaur egun, 511 postu dira elebidunak (lanpostu guztien %3) eta, Nafarroako Gobernuak gaur eginiko proposamena onartuz gero, 757 izanen lirateke (%4,7).
«Departamentu guztiek, lehen aldiz, langile elebidunak izango dituzte herritarrei arreta emateko», nabarmendu du Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok, gaurko agerraldian. «Departamentu bakoitzak proposatu du zer lanpostuk izan beharko luketen elebidunak, lehentasuna emanez jendaurreko arretari, lan motari edo lan egiten den tokiari». Kontseilariak gaineratu du Europako Kontseiluaren gomendioei segika hartu dutela neurria.
Hala ere, prozesua ez da berehalakoa izanen, ezta automatikoa ere: Funtzio Publikoko Departamentuak proposamena aurkeztuta, sindikatuek oniritzia eman beharko diote mahai orokorrean. Bestalde, langile publikoen «boluntariotasuna» lehenetsiko du Nafarroako Gobernuak: hortaz, euskara eskakizuna ezarriko balitzaio gaur egun erdaldun batek betetzen duen postu bati, administrazioak ezinen luke langile hori lekualdatzera behartu, eta soil-soilik postua hutsik geratzean ezarriko litzateke hizkuntza eskakizuna. Ez lehenago.
Ollok onartu du, proposamen honekin ere, «Nafarroako herritar euskaldunen ehunekotik urrun» egonen dela administrazioa, baina uste du «aurrerabide nabarmena» dela, orain arteko egoerarekin alderatuta: «Nafarroako gizartea gero eta elebidunagoa da, eta helburua da foru administrazioak eskaintzen duen zerbitzu publikoaren kalitatea egokitzea eta hobetzea».
Proposamena Euskararen Nafar Kontseilura ere igorriko dute heldu den astean.