Ohar baten bidez jakinarazi du EH Bilduk, «azken asteotako negoziazioen ostean», aurrekontuetarako aurreakordioa lortu duela Nafarroako Gobernuarekin. Ez dute xehetasunen berri eman, baina akordioaren balioa nabarmendu du koalizio subiranistak bere oharrean: «Aurreakordioaren arabera, gastu-muga handituko da eta horrek ahalbidetuko du zuzenketak aurkeztea aurrekontu proiektua hobetzeko helburuarekin lurralde-kohesioaren ikuspegitik, baita zerbitzu publikoen eta herritarren eskubideen indartze ikuspegitik ere».
Helburu horiek lortze aldera, bi aldeek «akordio zehatzak» lortu dituztela ere azpimarratu dute, «2020. urtean garatuko diren politika publikoen inguruan, tramite parlamentarioan eta ondorengo gobernu ekintzan islatuko direnak». EH Bilduk konpromisoa hartu du gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez aurkezteko, egon litezkeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko eta aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko.
PSN ere pozik agertu da gobernuak EH Bildurekin iritsi duen akordioarengatik. Ramon Alzorriz sozialisten Antolaketako idazkariak esplikatu du «desberdinen arteko elkarrizketa eta negoziazio» lan baten emaitza dela akordioa. Gobernuak ulertu du «herritarren agindua», Alzorrizen esanetan: «Elkarrizketaren bidez lor litezke hitzarmenak egunerokotasunean inporta duten gaietan hobekuntzak egiteko». Ziurtatu du akordioak mesede egingo diela eskubide sozialei, osasunari eta Nafarroako herritarren arteko berdintasunari.
Gobernuaren balorazio «positiboa»
Nafarroako Gobernuak ere «positiboki» baloratu du EH Bildurekin lortutako aurreakordioa. Gobernuak ere ez ditu bere oharrean xehetasunak eman, baina aurreakordio horrek «kutsu soziala» duten «konpromiso zehatzak» jasotzen dituela nabarmendu du, eta, horri esker, «zerbitzu publikoak indartu» egingo dituztela. «Nafarroakoa bezalako komunitate anitz batean, hiritarrek euren ordezkariei eskatzen diena da elkarrizketarako eta akordioetara iristeko gaitasuna, eta horiek gizartearen mesedetan egin daitezela». Hori dela eta, Nafarroak aurrekontuak aurrera atera ahal izatea «inolako zalantzarik gabe», Nafarroako herritar guztientzat «albiste ona» dela nabarmendu dute.