Nafarroako aurrekontuak

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2021eko aurrekontuen gaineko akordioa egin dute

«COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egitea» da hitzarmenaren asmo nagusia. Neurri fiskalak ere adostu dituzte bi aldeek. EH Bilduk abstenituta ahalbidetuko du aurrekontuen onarpena, ontzat jo baitu kontuak iazkoak baino zabalagoak izatea.

Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak, eta Maria Txibite lehendakaria, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko azaroaren 14a
09:15
Entzun

Nafarroako Gobernuak prentsa ohar baten bidez adierazi du 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzeko konpromiso hitzarmen bat sinatu duela EH Bildurekin. Itun horretan esan dute «inoiz baino premiazkoagoa» dela «ikuspegi zabalarekin» jokatzea, eta egungo gizarte eta ekonomia krisiari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu dituzte. Adostutako dokumentuaren arabera, aurreikusten da aurrekontu proiektua onartzeko bilkura abenduaren 23an egitea.

Bi aldeek adierazi dute horretarako «aitzineko krisian erabili zirenen aurkako irizpideekin» egingo dutela lan. Konpromisoa hartu dute zerbitzu publikoak sendotzeko; osasunerako, hezkuntzarako, eskubide sozialetarako, kulturarako eta enplegu politiketarako baliabideak handitzeko; ingurumen jasangarritasuneko politikak egiteko; eta politika fiskalaz hausnartzeko, besteak beste. Arlo horietan, gobernuak aurrekontu proiektuan jaso ditu EH Bilduk aurkeztutako proposamen batzuk -guztira bederatzi milioi euroko balioa dutenak-, eta 1,9 milioi euroko kredituak bideratuko ditu indar subiranistak aurkeztuko dituen zuzenketa partzialak finantzatzeko.

Gobernuak eta EH Bilduk akordioaren jarraipen batzorde bat osatuko dute, hiru hilero aztertzeko zenbateraino betetzen den adostutakoa.

EH Bildu: «Beste eredu bat dago»

EH Bilduk abstentzio baten bidez «erraztuko» du Nafarroako aurrekontuak onartzea Atzo arratsaldean itxi zuten dokumentua, eta gaur goizean bertan sinatu dute. Goizean bertan agerraldi bat egin du EH Bilduk, akordioaren inguruko balorazio bat egiteko. Akordioak daukan «balio politikoa» azpimarratu du Bakartxo Ruiz parlamentariak: «Navarra Sumak ez du lortu akordioa baldintzatzea. Denok ikusi dugu Navarra Sumaren jarrera zein izan den, modu desesperatuan saiatu dira betoa jartzen. Ez dute lortu ikuspegi aurrerakoi batetik lor zitekeen akordio bat saihestea. Albiste ona da, bi eredu daudelako». Izan ere, Ruizek gogorarazi du UPNren gobernuak 2008ko krisiari «murrizketak eginez, arlo publikoa pribatuaren subsidiario izanda» egin ziola aurre: «Beste eredu bat dago, inbertsio publikoa lehenestearena, eskubide sozialetan lehentasuna jartzen duena. Hori eskatu diogu Nafarroako Gobernuari, eta, zorionez, gobernua ez da sartu eskuinaren joko horretan».

Akordioa «konpromiso partekatu batzuetan» oinarritzen dela azaldu du Ruizek: «Gure lehentasunak argiak izan dira: krisi sanitarioari eta krisi sozial eta ekonomikoari aurre egitea ezinbestekoa dela, murrizketarik egin gabe eta aurretik egindako urratsak mantenduz eta kontsolidatuz. Hori da akordioaren oinarria».

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk hainbat neurri fiskal ere adostu dituztela adierazi du gobernuak prentsa oharrean, baina EH Bilduko ordezkariek azaldu dute arlo horretan izan dituztela desadostasun handienak: «EH Bilduk bere eskuk izango balu aurrekontu batzuk egitea, ezberdinak izango ziratekeen. Eztabaida sakonak izan ditugu, eta saiatu gara elkarguneak bilatzen». Erantsi du aurrekontuak ez direla «ezeren amaiera, bidean urrats bat dira eta balio behar dute aurrera egiten jarraitzeko».

Aurrekontuen aurreproiektuan eragin nahi zutela azaldu du Adolfo Araiz parlamentariak, eta EH Bilduren ikuspuntua zela kontuak, krisiaren testuinguruan, aurreko urteetakoak baino zabalagoak izan beharko liratekeela. Hala izan dela nabarmendu du Araizek: «Espero genuen baino dokumentu hobea atera da».

Geroa Bai: «Betorik gabeko elkarrizketaren emaitza da»

Uxue Barkos lehendakari ohi eta Geroa Baiko bozeramaileak Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi du «betorik gabeko elkarrizketaren emaitza» izango dela akordioa, eta nabarmendu du bere gobernuak 2015ean hasi zuen aldaketaren bidean beste pauso bat eman dutela. Alderdiak berak ohar batean adierazi du hitzarmena «ezinbestekoa» dela, Nafarroari «egonkortasuna» emango diolako, eta erantsi du Navarra Sumak «porrot» egin duela bere estrategian, «ez duelako lan egin aurrekontuen egonkortasunaren alde, ezegonkortasun politikoaren alde baizik».

Navarra Suma: «Txibite Nafarroa saltzen ari zaio euskal independentismoari»

Aldiz, akordioaren kontra mintzatu da Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaile eta UPNko presidentea: Maria Txibite lehendakariari egotzi dio «Nafarroa euskal independentismoari saltzea»: «[EH] Bilduk lanean jarraitzen du Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean, eta orain Txibiteren eta PSNren eskutik dihardu». Esparzak uste du Txibitek bazuela «beste aukera bat», baina nahiago izan duela «nafarren etorkizuna Bilduren estrategiari lotzea, jakinik okerrena dela ikuspegi sozioekonomikotik».

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea atzo izan zen Iruñean. EH Bilduk Espainiako aurrekontuak babesteko asmoa adierazi du berriki, «aurrerapauso txiki batzuk» sumatu dituztelako, eta «eredu neoliberala hausteko» norabide onean daudelako, haien iritziz.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, Iruñean eta Madrilen erakutsi duen negoziaziorako jarrera hori Gasteizen erakutsi ez izana leporatu dio EH Bilduri. Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak aurreratu zuen «lehengoari eusteko bada» koalizia ez dela egongo Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen akordioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.