Sanferminetako talde bortxaketako bi partaideri kartzela zigorra laburtu diela iragarri zuen joan den ostegunean Nafarroako Auzitegiak. Soilik baietz da baietz legea oinarri, hamabortz urtetik hamalaura jaitsiko diete zigorra Jose Angel Prendari eta Jesus Escuderori. Bada, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur adierazi du helegitea aurkeztuko dutela erabaki horren aurka Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Epaitegiak adierazi zuen iazko uztailean bertze zigortuetako bati laburtu ziotela zigorra argudio berak erabilita eta, ondorioz, jurisprudentzia ezarri zela.
Hain zuzen, Angel Boza izan zen zigor aldaketa eskatzen lehenbizikoa. 2024ko uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen kondena laburtuko ziotela talde bortxaketaren egileetako bati. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu zuen erabakia lehenbiziko, Soilik baietz da baietz legea oinarri. Epaileen irudiko, akusatuari hamabortz urteko kartzelaldia ezarri zioten, garai hartan legez ezarrita zegoen gutxieneko zigorretik «gertu» zegoelako. 10/2022 legea indarrean sartuta, baina, delitu horrengatik ezartzen ahal zen gutxieneko zigorra urtebete eta hiru hilabete murriztu zen; hortaz, zigorra neurri berean apaltzea erabaki zuten magistratuek.
Aldaketak
2016ko sanferminetan, bortz gizonek eraso egin zioten 18 urteko emakume bati: atari batera sartu zuten, bortxatu, erasoa bideoan grabatu, eta sakelako telefonoa kendu zioten emakumeari. Nafarroako auzitegiek —Probintzia Auzitegiak eta Auzitegi Nagusiak— sexu abusutzat jo zuten, ez sexu erasotzat. Bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zieten bortzei. Biktimaren abokatuek, herri akusazioak eta Nafarroako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuten, eta, azkenean, 2019an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen delitua sexu abusua ez baizik eta sexu erasoa zela.
Horren ondorioz, parte hartu zuten bortz gizonei —Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Antonio Manuel Guerrero eta Angel Boza— hamabortzna urteko espetxe zigorra ezarri zien bortxaketa delitu jarraitu batengatik.