Nafarroako Gobernuak ez du ordezkaritzarik bidaliko maiatzaren 4an Kanbon (Lapurdi) egingo duten konferentziara. Atzo eman zuen erabakiaren berri Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak, herenegun Eusko Jaurlaritzak egin bezala. «Ez dakigu zer egingo den, ez zer eduki izango dituen, ezta han zer irudikatuko den ere», arrazoitu zuen.
Solanaren esanetan, Nafarroako Gobernuaren lana, «eszenifikazioa baino gehiago», komunikatuaren «analisi sakon bat» egitea da: «Irudikapena bera baino garrantzitsuagoa da ETAren amaiera iragarriko duen komunikatua, eta hortik aurrerako bidea». Komunikatu hori behin betikoa izatea espero dutela ere azaldu zuen: «ETAren behin betiko desagertzea adieraziko duena».
Gauza bera esan zuen Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ere, hari buruzko balorazio bat egingo dutela, azpimarratuz «auziaren funtsa» ETAren desegitea iragartzeko formula dela, ez hainbeste hura lagunduko duen eszenografia. Halere, Solanaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak gonbidapenari emaniko ezetzak ez du eraginik izan Uxue Barkos presidentearen gobernuak hartutako erabakian.
Ez du eraginik izan EH Bilduren parte hartze eskaerak ere, eta koalizioak erabakia deitoratu du, etaadierazi «bakeranzko funtsezko ekitaldia» izango dela.
Solanak adierazi zuen, ETAren amaieratik aurrera, gobernuaren lana Nafarroako gizartean gerta daitekeenari laguntza ematea izan beharko dela. Izan ere, egoera politikoa «alor askotan» normalizatu gabe dagoela uste du, eta normalizatzeko ETA desagertu behar dela. Desagerpena bera «ETA gainditzea lortu duen gizarte baten garaipena» izango dela adierazi zuen.
Alde horretatik, «egoera politikoa normalizatzeko» eta «bakerako bidean aurrera egiteko» pausoak eman beharra azpimarratu zuen bozeramaileak. Pauso horien artean kokatu zuen egun Nafarroan martxan den Bake eta Bizikidetzarako Zuzendaritza, «orain arte egon ez dena, eta aldaketaren gobernu honek beharrezkotzat hartzen duena».
Jaurlaritza, ezetzarekin ziur
Solanak egin bezala, emaniko ezezkoa arrazoitu zuen atzo Erkorekak ere, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Erkorekak azaldu zuen «garrantzitsua ETAren desagerpena ofizializatzea» dela, eta «biktimen artean bereizketarik ez egitea». Hori horrela izanik, eszenifikazioa «bigarren mailakotzat» jo zuen.
Ekitaldiaren kokalekuaz ere aritu zen Erkoreka, eta Kanbon egiteak Jaurlaritza «nahasten» duela adierazi zuen, bertan egon beharra «hain garbi» utzi gabe: «Edonork daki ETAren sorrera eta ondorioak nagusiki Euskadin izan direla. Beraz, kanpoan egin eta lehendakariaren bidez euskal gizartearen osotasuna bilatzea ez dugu elkarbanatzen».
Erkorekak azaldu zuen antolatzaileekin harreman zuzena izan dutela azken egunetan, baina Jaurlaritzak ez duela bat egiten ekitaldiarekin, «etikoki eta politikoki». Horrekin batera, komunikatua eta parte hartzaileak ez ezagutzea gonbidapena ukatzeko arrazoi direla adierazi zuen.
Erkorekak izan zituen ezker abertzalearentzako hitzak ere: «Eginiko min injustuaren errekonozimendua ETAk egiten ez badu, ezker abertzalearen teilatuan geratuko da».
Halere, EAJ alderdi gisa han izango da. Ez, ordea, Jaurlaritzako beste kidea, PSE-EE, atzo baztertu baitzuen gonbidapena.
ETA. Kanboko topaketa
Nafarroako Gobernuak ere uko egin dio Kanboko ekitaldian egoteari
Solanak adierazi du jardunaldiko edukiaz informaziorik ez dagoela. Jaurlaritzak dio ekitaldiaren kokalekuak «nahastu» egiten duela. PSE-EEk ere baztertu egin du gonbidapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu