Zubietako erraustegitik (Gipuzkoa) Artaxoako hondakinak tratatzeko plantara (Nafarroa) bidalitako lixibiatuak hizpide izan dituzte beste behin Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Ingurumen zuzendari Ana Bretañak auziari buruzko azalpenak eman ditu gaur, UPNk eskatuta. Bretañak agerraldia baliatu du GuraSOS plataformak parlamentuan bertan Nafarroako Gobernuari egotzitako ardurak ukatzeko. Zuzendariaren esanetan, gobernuak ez zeukan inolako betebeharrik Gipuzkoatik Artaxoara bidali ziren lixibiatuek gai toxikoren bat ote zuten aztertzeko.
Ikusi gehiago
«[Hondakinen] Karakterizazioa egiten da zuzendua dagoenean, eta susmo bat dagoenean. Kasu honetan ez dago halakorik», adierazi du Bretañak. GuraSOS plataformak martxoaren 15ean batzorde berean egin zuen agerraldian azaldu zuenez, ispilu kode batekin sailkatzen den hondakin oro nola osatua dagoen aztertzeko eskatzen du araudiak, eta, hori egin artean, hondakin horiek toxikotzat hartu behar dira «zuhurtasun printzipioagatik». Ispilu kodea duten hondakinak dira, hain justu, osagai toxikoak dituzten ala ez argitzeko analisi bat eskatzen dutenak. Nafarroako Ingurumen zuzendariaren iritziz, ispilu kodea duen hondakin ororen osaketari buruzko azterketa bat egin beharra «zentzugabekeria» litzateke, lan gainkarga handia eragingo bailuke.
EH Bilduko Adolfo Araizek ez ditu ontzat eman Bretañaren azalpenak, eta adierazi du «baldintza oso bereziak» direla Artaxoako kasuarenak, lixibiatuak erraustegi batetik eraman baitziren hara. «Gobernuak karakterizazio bat eskatu behar zuen», Araizen iritziz.
Bretañak ziur adierazi du ezen lixibiatuak toxikotzat jo ala ez ez zela «ezer ere aldatuko»; izan ere, gobernuak bere esku zeuden «neurri guztiak» hartu zituen hondakin horiek Artaxoako plantara ez iristeko. Dena den, Bretañak ez du baztertu GuraSOSek batzordean egin zuen kontakizuna posible izan daitekeela. Hau da, Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak Zubietako erraustegitik Artaxoara bidali zituen hondakinak toxikoak izatea. Hondakin horiek ez zegokien kode batekin bidali zituen kontsorzioak. Bretañak, baina, nabarmendu du «froga errealak eta baieztagarriak» behar direla.
Gipuzkoatik bidali ziren lixibiatuen analisiak egitea «jada ez da posible», Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak batzordean azaldu duenez. Nafarroako Gobernuak lixibiatuak jasotzeari uzteko agindu zion Artaxoako planta kudeatzen duen Ecofer enpresari, eta Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak halakoak bidaltzeari utzi zion iazko abenduan. Gobernua Artaxoan ekoizten den konposta eta plantako putzuetako lixibiatuak aztertzen ari da orain.
Behin-behineko emaitzak
Nafarroako Gobernuak martxoaren 15erako agindu zuen Artaxoako laginen analisiei buruzko txostena. Atzerapena justifikatu du Bretañak, azterketa «konplexua eta osoa» delakoan. «Bi edo hiru hilabeteko prozesua» behar du. Hala ere, behin-behineko emaitzak jaso ditu gobernuak. Ingurumen zuzendariaren esanetan, «ez dirudi ezer kezkagarririk dagoenik». Lixibiatuetan E. coli bakterioa atzeman dute —digestio aparatuarekin lotutako gaixotasunak eragiten ditu—, baina, zuzendariaren arabera, horrek ez du adierazten hondakina toxikoa denik, «konpostatze prozesua modu arduragabean egin dela baizik». Bretañak adierazi du «arrazoizkoena» dela Artaxoako plantaren konpostean bakterioa ez egotea, produktuak «higienizazio prozesu bat» izaten baitu.
Bestalde, gobernuak jakinarazi du prest duela Ecofer enpresari ireki zion espedientearen behin betiko txostena, eta orain enpresak alegazioak aurkezteko epe bat duela. Txostenean zigor neurriak aurreikusten dira, eta kalteak leheneratzekoak.