Nafarroako Gobernuak dio errepideetako seinaleak «ele biz» jartzen dituela, «salbu eta hutsegiteren bat izaten bada»

EH Bilduren galdera bati erantzunez, Oscar Txibite kontseilariak esan du bere departamentuak Arartekoaren gomendioak betetzen dituela, eta erdara hutsezko kartelak izatea «hutsegiteen» ondorio baino ez dela.

Oscar Txibite kontseilaria, Maria Txibite lehendakariaren ezkerretara, Madrilen egindako bilera batean. SERGIO PEREZ / EFE
Oscar Txibite kontseilaria, Maria Txibite lehendakariaren ezkerretara, Madrilen egindako bilera batean. SERGIO PEREZ / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 26a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez Francia erdara hutsean dioen kartelik, ez obretako seinale elebakarrik. Dena ukatu du Oscar Txibitek. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariaren arabera, halakorik ez da izaten eremu euskalduneko eta eremu mistoko errepideetan, azken hilabeteetan horri buruzko kexak pilatu zaizkion arren. Besteak beste, Arartekoak egin zion seinale elebakarrak euskaratzeko gomendioa.

Orain, EH Bilduko parlamentari Mikel Zabaletak eginiko galdera bati erantzunez, Txibitek esan du bere departamentuak «bete» egiten dituela Arartekoak emaniko gomendioak: «Kartelen errotuluak ele bitan egiten dira, salbu eta hutsegiteren bat izanez gero, eta hutsegite horren berri jakin eta berehala zuzentzen da».

Seinale bat gaztelania hutsean, AET elkarteak zabaldutako irudi batean. BERRIA
Seinale bat gaztelania hutsean, N-121-A errepideko lanetan. ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ

Txibiteren esanetan, «ez da egia» Arartekoaren gomendioak jaso ondoren gaztelania hutsezko kartelak jarri direla berriro: «Hala ere, okerren bat izan bada, horren berri izan bezain laster konpontzen da».

Auzia ez da berria. Iaz, herritar batek kexa aurkeztu zuen Arartekoan, Nafarroatik Ipar Euskal Herrira doazen errepideetako seinaleetan Francia izena agertzen baita, gaztelania hutsean. Aurtengo martxoan, Arartekoak arrazoia eman zion kexa aurkeztu zuen herritarrari, eta gobernua premiatu zuen errepideetako hizkuntza paisaia ele bitan jartzera. Orduko hartan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak beste argudio bat eman zuen seinaleak ez aldatzeko: «8.1-IC arauak dio atzerriko udalerriak espainolez soilik idatziko direla, forma horiek existitzen badira; eta existitzen ez badira, herrialde horretako hizkuntzan idatziko direla».

Urtarrilean, bestalde, AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu zuen Txibite kontseilariaren departamentuak uko egin ziola N-121-A errepideko lanetako seinaleak euskaratzeari. Are: Txibiteri egotzi zioten «gurpil zoro» batean jardutea euskara ez erabiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.