Gero eta helduleku gutxiago dituzte ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe erlijiosoek. 2021. urtean, Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles ikastetxe pribatuen Lehen Hezkuntzako ituna eteteko prozesua abiatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, bi zentro horietan neskek eta mutilek ikasgela bereizietan ikasten zutela frogatu ostean. 2022an, Batxilergoko ituna eten zuten, motibo bertsuengatik. Orain, Hezkuntza Departamentuak bi ikastetxe horiei jakinarazi die DBHko ituna ere bertan behera utziko duela irailaren 15etik aurrera.
Hezkuntzak iazko irailean hasi zituen tramiteak bi ikastetxe horietan finantzaketa publikoaren iturria ixteko. «Departamentuak egiaztatu zuen, 2023-2024ko ikasturtearen hasieratik bertatik, ikastetxe horietako DBHko lau mailetako ikasleak gela desberdinetan bereizita zeudela sexuaren arabera, eta ez zela betetzen ari LOMLOE legea», adierazi du gobernuak, ohar bidez. Horiek horrela, ituna eteteko motiboak topatu zituen departamentuak.
Urtarrilean, alegazioak aurkeztu zituzten bi ikastetxeek. Zehazki, Hezkuntza Departamentuari galdegin zioten itunei eustea, baldintza batekin: datorren ikasturte hasieran DBHko ikasgela guztietan neskak eta mutilak izatea —bi zentroek iragarria dute datorren ikasturtetik aurrera misto bihurtuko direla, finantzaketa publikoari eutsi ahal izateko—. Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman dio eskaerari, argudiatuta ituna eteteko baldintzak betetzen direla, eta, hortaz, gobernua legez behartua dagoela finantzaketa publikoa bertan behera uztera. Gainera, azaldu du ikastetxe baten «adierazpen, asmo edo konpromiso huts batek» ez duela «indar juridiko nahikorik» itunari eusteko. Hala ere, antzeko konponbide bat eskaini die ikastetxeei: irailaren 15ean bukatuko da hitzarmena, baina, ordurako ikasgela guztiak mistoak badira, atzera eginen du Nafarroako Gobernuak, eta orain arte izan duten finantzaketari eutsi ahal izanen diote Redin-Miravalles eta Irabia-Izaga eskolek.
Hiru urteko bide korapilatsua
Gorabeheraz beteriko bide luze baten amaiera helduko da datorren ikasturtean, orduantxe bukatuko baita sexu bidezko segregazioa Opus Deik Iruñerrian dituen bi ikastetxe horietan. Lehen Hezkuntzako ikasgelei dagokionez, 2021ean eman zuen agindua Nafarroako Gobernuak, segregazioa «era mailakatuan» erauzteko. Erabakiak ezinegona eragin zuen ikastetxe erlijiosoetako arduradunen eta familien artean, eta auzitara jo zuten.
Batxilergoko ituna eteteak ere kalapita piztu zuen 2022an eta 2023an. Orduan ere, helegitea aurkeztu zuten Irabia-Izagak eta Miravalles-Redinek. Prozesu batean zein bestean, ordea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Hezkuntza Departamentuari.
Azkenerako, 2024-2025eko ikasturtetik aurrera misto bihurtuko direla iragarri zuten Opus Deiren ikastetxeek iazko abenduan. Bi eskolek esan zuten «legeak behartuta» hartu dutela erabakia.
Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta. Mutilek Irabiako eta El Redingo eraikinetan ikasten dute, Iruñeko Txantrea auzoan; eta neskek, berriz, haiengandik zazpi kilometrora, Miravallesen eta Izagan. Ikastetxe horiek Zizurren (Nafarroa) eta Cordovillan (Nafarroan) daude, hurrenez hurren. Bi eskolen artean 4.000 ikasle inguru dituzte, eta, gaur-gaurkoz, mutilek eta neskek leku ezberdinetan ikasten dute oraindik ere.