Nafarroako Gobernuak bukatutzat jo ditu Itoizko ubidearen lehen fasea handitzeko lanak, obrak hasi eta hamar urtera

Lehen fasea amaituta, ubidearen bigarren faseko lanei ekiteko asmoa berretsi du Txibite lehendakariak: «Uko egin ezinezko helburua da, eta hala izanen da aurrerantzean ere».

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Azagran, Nafarroako ubideko lehen fasea handitzeko azpiegituraren inaugurazioan. IRATI AIZPURUA / NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Azagran, Nafarroako ubideko lehen fasea handitzeko azpiegituraren inaugurazioan. IRATI AIZPURUA / NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 15a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako ubidea eraikitzeko lanen aurrekontua pezetatan aurkeztu zuten. 2001. urteko ekaina zen, eta Canasa enpresa publikoak —Espainiako eta Nafarroako gobernuek ubidea kudeatzeko sortu zuten sozietateak— iragarri zuen 100.000 milioi pezeta kostatuko zela ura Itoizko urtegitik Ebro ibairaino eramatea: 601 milioi euro, alegia. Hamarkada baten ostean bukatu zituzten lehen faseko lanak, eta berehala iragarri zuten ubidea handitu beharko zutela, azpiegitura Estellerriraino zabaltzeko. Orduko hartan, eurotan eman zuten lanen kostua: 42,5 milioi euro. 2013. urtean hasi nahi zituzten lanak, eta 2015ean bukatu, baina behin eta berriro atzeratu zen proiektua. Hamar urte joan dira jada obrek hasierako epemuga gainditu zutenetik, eta, denbora horretan, ehunka milioi euroren gainkostuak pilatu dituzte. Gaur inauguratu du azpiegitura Maria Txibite lehendakariak.

«Gaur ospakizun eguna da», esan du lehendakariak: «Ega ibaiaren adarra martxan jartzearekin batera, kalitatezko ura eramanen dugu Estellerriraino eta Erriberagoitiraino, 15.000 hektarea baino gehiago ureztatzeko». Gainera, esan du Nafarroako ubidearen lehen faseak eta haren handitzeak —orain arte eraikia dagoen azpiegitura osoak, alegia— «5.400 lur jaberi» egiten diela mesede, eta edateko ura ematen diela «Nafarroako herritarren %70i». Txibitek nabarmendu duenez, Nafarroako ubideak «elikagaiak ekoiztea bermatzen du, eta laboreen errentagarritasuna izugarri handitu», eta «ziurtasuna» ematen dio Nafarroako industriari, «ur hornidura izatea ziurtatzen baitu urteko 365 egunetan». Horrez gain, esan du Itoizko ubidea dela «Nafarroak klima aldaketaren aurka egiteko duen ezkutu nagusia».

Hemendik aurrera, ubidearen bigarren faseari ekitea da Nafarroako Gobernuaren erronka nagusia, lehendakariaren esanetan: «Hori da hurrengo mugarria: Erriberara kalitatezko ura eramatea». Txibitek azpimarratu du Nafarroako ubidearen bigarren fasea «uko egin ezinezkoa» dela gobernuarentzat, eta hala izanen dela aurrerantzean ere: «Hamarkada hau amaitu baino lehen, Ablitasko zelaiak ureztatuko ditu Nafarroako ubideak».

Proiektuaren itzalak

Gobernuak emandako bertsio baikorraren atzean, baina, argi-ilunez beteriko argazki bat dago: Itoizko urtegiak eta Nafarroako ubideak osatzen duten binomioaren gainean ezinegona agertu dute talde ekologistek behin baino gehiagotan, ingurumenean eragindako kalteengatik eta kostu ekonomiko handiarengatik.

2020. urtean argitaratutako txosten batean, Sustrai Erakuntzak salatu zuen, besteak beste, ubideko lehen fasea handitzeko lanetan ez zela inongo neurririk hartu Arga eta Ega ibaietako habitatak babesteko eta leheneratzeko, eta azpiegiturak lur jabe handiei soilik egin ziela mesede, ubideko ura hartzeak duen kostuengatik: «Lursail txiki eta ertainen jabe askok lurrak saldu behar izan zituzten». Lerin eta Carcar herrietako ureztatzaileek, adibidez, uko egin zioten ubidean parte hartzeari.

Ubidearen bigarren faseari dagokionez, berriz, gero eta gehiago dira haren gainean zalantzak agertu dituzten eragileak. Proiektuan jasota dago beste 21.000 hektarea ureztatzea, lur azpiko bi hodiren bitartez, egungo ubidea bukatzen den lekutik —Pitillas inguruan— Ablitaseraino. 71,4 kilometro luze izanen dira hodiak, eta Aragoi, Ebro eta Queiles ibaien, Bardearen eta A-68 eta AP-68 autobideen azpitik igaroko dira. Ubidearen trazaduran 11 hargune eta bi putzu ere egin asmo dituzte: bat Pitillasen bertan —0,45 hektometro kuboko edukiera izanen duena—, eta beste bat Tuteran —9,06 hektometro kubokoa—.

Sustrai Erakuntzaren txostenean irakur daitekeenez, ordea, baliteke horretarako baliabiderik ez izatea, ur kontzesioari buruzko aurreikuspenak motz geratu baitira: «Hasieran aurreikusi baino ur gehiago eskatu da, eta, gaur egun, Itoizko urtegiak eman dezakeena baino handiagoa da ur eskaria». Ez dira bakarrak: Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Batzorde Nagusiak ere ohartarazi du asko jota 16.000 edo 17.000 hektarea ureztatu ahalko dituztela Erriberan: «Itoizko urtegiak ez ditu jasotzen hasieran aurreikusitako prezipitazioak». Ureztatzaileen batzordeko buru Felix Chuecak salatu du horrek arazoak eragin ditzakeela ur horniduran.

Nafarroako eta Espainiako gobernuek entzungor egin diete kritikei, eta buru-belarri hasi dira bigarren faseko lanak prestatzen. Lehen fasearen handitzearekin gertatu bezala, ordea, proiektua atzeratu beharko dute: aurtengo udaberrian lizitatu nahi zituzten lanak, baina Europako Bankuak 230 milioi euroko mailegua onartu behar du, eta luze jo dezake horrek. Ziurrenik, lanak ez dituzte 2026. urtearen aurretik adjudikatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.